2022ko uztailak 8
2022ko uztailak 8
Beste urte bat iraganik 19878ko uztailaren 8ko gertaera haietatik, zeinetan, polizia bestetako bihotzean oldarka sartu baitzen, tiroak botaz, hil eginez, zauriak eraginez, kolpatuz, inor bereizi gabe.
44 urte gertatu zenaren memoriari atxikiz. Eta, haize-kolpe handiei hauskaitz eusten dieten ihi basak bezala, gure ahaleginean tinko segitzen dugu.
Zergatik jarraitzen dugu, urtez urte, German Rodriguezen oroimeneko hilarri honen ondoan?
Eraso hura pairatu zutenekin identifikaturik sentitzen garelako.
Jendarte erasoaren sentimendu kolektiboa dugulako.
Orainari iraganaren ikuspuntutik esanahia bilatzen saiatzen garelako.
Eta, batez ere, ez dugulako Egiarekin bakarrik gelditu nahi. Aitzitik, irmoki uste dugulako gure memoria, Justiziarik gabe, zerbait osatugabea dela. Gure memoriak, ezinbertzean, Justizia eskatzen baitu.
1978ko uztailaren 8an pairatu genuen erasoa giza eskubideen aurkako urraketa orokortu eta sistematikoen parte da; zapalkuntza eta indarkeria instituzionaleko egoera bat mantentzearen parte.
Horregatik onartezintzat jotzen ditugu Estatuen migrazio politika kriminalak, besteak beste Melillako mugan horren emaitza odoltsu eta izugarriak eragin dituztenak. Eta gure elkartasuna helarazi nahi diegu, beste bidegabekerien artean, horiek ere jasaten ari diren pertsona guztiei.
Ez dira hilak! Erailak dira!
Frankismoaren eta trantsizioaren krimenak salatzen ditugu eta aurre egiten diegu. Eta galdatzen ditugu neurri politiko eta juridikoak ezartzea, zauri mingarri hauek modu demokratikoan itxiko dituztenak, berriro gertatuko ez direla bermatuz.
Urte aunitz iraganik ere, auzitegietako ateek erabat itxita segitzen dute krimen horiengatiko justizia eskakizunerako. Inpunitatea da Estatu espainiarreko sistema politikoa zitaldu eta usteltzen duten gaitz handienetako bat.
Ziurrenik, heldu den 11n, Espainiako Kongresuan onetsiko dute Memoria Demokratikoaren lege berria. Eta, gaurko egunean duen idazketarekin, errefusatu baino ez dezakegu egin. Zenbait eremutan hobekuntza partzialak agertzen baditu ere, gure eskakizunek, hots, mugarik gabeko egiak, justizia libreki erdiesteak eta biktimendako ordain osoak, errekonozitu gabe segitzen dute. Martin Villaren eta Estatu krimen haren erantzule guztien auzipetze eta epaitzeak ez dute tokirik lege honetan. Horregatik, gure politikariei deiera egiten diegu ahalbidetu ez dezaten lege hau beste aukera galdua bihurtzea.
Europako Parlamentura berriki egin dugun bidaian salatu dugu ezen, joan den mendean Europan izandako diktadura guztietatik (Alemania, Italia, Portugal, Grezia…), Estatu espainiarra dela bakarra non frankismoak hamarkadatan gizateriaren aurka gauzatutako krimenek zigorgabe jarraitzen duten.
Horregatik, gure ahaleginak gaurkotasuna du eta elkartasuna eta mobilizazioa erran nahi du, ukatutako giza eskubide guztien defentsan.
Gure memoria komuna, harekin dakartzan eskakizunekin, da daukaguna.
Horri esker elkartzen ahal gara eta gure atsekabea eta gure mutirikeria azaleratzen ahal ditugu.
Horregatik guztiagatik gaude hemen eta hemen egonen gara Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko Bermeak erdietsi arte.
German, Joseba, gogoan zaituztegu!
Herriak ez du barkatuko!