Hilarria

Lehen momentutik, lagunek eta German kide zuen LKIko burkideek lorategi antzeko bat egin zuten zauriturik izan zen tokian. Bertan loreak eta pankarta bat paratu zituzten. Horrela zioen pankartak: “Hemen erail zuten German gure burkidea. Gogoan zaitugu”. Beranduxeago, toki horretan harrizko hilarri bat paratu zuten. 1978ko urriaren 9an, ezezagun batzuek mazo-kolpez hautsi zuten baina berriro osatu zen zatiak alanbrez lotuz. Honela zioen kartel bat gehitu zuten: “Hausten duzuen adinbat aldiz paratuko dugu berriro, txakurrak, joan daitezen!”
Ordezteko, beste berri bat paratu zen, brontzezkoa eta “ezezagun” batzuek eztanda arazi zuten lehergailuekin. Orduan beste bat egin zen, aurrekoaren erreplika, eta beste eraso batzuk jasan bazituen ere, denak gainditzea lortu zuen, 2005. urte arte. Orduan, Orreaga etorbidean urbanizazio lanak egin behar zirela eta, Iruñeko Udalak (UPN) hilarria kendu zuen. Obrak bukatutakoan, Udalak ez zuen berriro paratu eta biltegi ezkutu batean gorde zuen.

Bi urte luzez, Hilarria herri ekimenak, dozenaka talde sozialek lagundu eta sostengaturik, hilabete bakoitzeko 8 orotan elkarretaratzeak gauzatu zituen hilarriaren birjartzea aldarrikatzeko. Azkenik, 2007ko azaroan, berreskuratu eta bere tokian berriro jartzea lortu zen. Aurrerago, 2016an, Udal berriarekin (EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi, Izquierda-Ezkerra) hilarriko oinarrian plaka bat paratu zen honako testuarekin: “ German Rodriguez Saizen oroimenez. Poliziak tiroz hil zuen, 1978ko uztailaren 8an”
Bukatzeko, SF-78 gogoan! elkartearen ekimenaz, Nafarroako Gobernuak hilarria “Nafarroako Memoria Historikoaren Toki” deklaratu eta Erregistro egokian inskribatu zuen.