1978ko uztailaren 8a

1978ko uztailaren 8a

Zezenketa bitartean ez zen deus gertatu baina hura bukatutakoan, berrogeita hamarren bat pertsona hondarrera jautsi ziren eta pankarta bat hedatu zuten. Honela zioen: “Amnistía total. Presoak kalera. San Fermín sin presos”. Zezenketa bitartean sartu ezin diren peñetako txikiak sartzeko plazako ateak irekitzen ari ziren bitartean, polizia armatuko 40 kide, komisario nagusia buruan zutela, oldarka sartu ziren, plazako harmaila eta hondarraren aurka kargatuz eta gomazko pilotak eta ke-poteak jaurtikiz. Bertaratutakoek eraso polizialari botilak eta kuxinak botaz erantzun zioten.

Une hartatik aitzina, poliziak su-armak erabili zituen balazko bost zauritu sorraraziz, plazako goiko partetik hondarrera bitarte. Polizia zezen plazatik ateratzera behartu zuten baina berriro sartu zen indarberritzekoekin zauritu ugari sorraraziz. Horietako 50-55 plazako erizaindegian bertan artatu zituzten eta ehunka batzuk ospitaleetara eraman zituzten.

Polizia plazatik erretiratu eta bertatik alde egitea posible izan zenean, herriaren amorrua piztu zen hirian barna eta barrikadak paratu ziren, Gobernu Zibila bera setiatua izan arte. Poliziak, Logroñotik etorritako indarberritzekoekin batera, hiria garbitzeko agindua hartu zuen, jendearen aurka sutu nahi adina eta inolako begiramenik gabe tiroak botaz. Hainbesterainoko non, hurrengo egunean, uztailaren 9an, poliziaren irratitik ondoko agindua eman baitzen, irrati-amateur batek grabatuta: Egizue tiro zuen indar guztiekin. Ez izan hiltzeko inolako ardurarik!

Eta horrela egin zuten, inor berezi gabe tiro eginez. 5.000 gomazko pilota baino gehiago zenbatu ziren, 1.000tik gorako ke-pote, 1.000 bote negar-eragile baino gehiago, 9 milimetroko 100dik gora jaurtigai “parabellum” eta 50etik gora 9 milimetroko jaurtigai “motz”. Gaueko hamarrak eta hogeiak aldean, Karlos III eta Orreaga etorbideen elkargunean, Paulino Caballero karrika hurbilean zegoen polizia talde batek Z-70 metrailadoreen tiro-segida bota zuen eta horietako batek German Rodriguez harrapatu zuen, kopetan. Berehala hil zen. Toki berean, beste pertsona bat izan zen balaz zauritua, besapean. Toki hartan, hogeita hamarretik gorako balazko inpaktu, 9 mm-koak (Poliziak erabiltzen dituenak) aurkitu ziren. Gehienak 0,90 m. eta 2,30 metroen arteko altueran zeuden. Zinez, ez zuten hiltzeko inolako ardurarik izan.