Prozesu judizialak

1978an Germanen ahaideek eta zenbait akusazio partikularrek jarritako kereilek Justiziaren hormen aurka egin zuten talka, Justizia horrek Martin Villak ezarritako gidoiari begira (“Gureak akatsak dira, besteenak erailketak”) idatzi baitzituen ebazpenak. Epaileek amen erran zuten. Irekitako sumario guztiak itxi ziren poliziarik edo agintaririk erruztatuaren aulkian eserarazi gabe.

Berrogei urte iragan ziren orduan ukatu zen Justizia berriro ere eskuratzen saiatzeko. Horretarako bideak ezberdinak izan dira. Lehendabizikoa, kereila argentinarra izenekoaren esparruan gauzatu zen, hasiera hasieratik bertan hartu baitugu parte. Horretaz gainera, hemen garatutakoak ere daude, bai SF-78: gogoan elkarteak zuzenean sustaturikoak (SF-78ko, Iruñeko Peñen, German Rodriguezen ahaideen eta gertaera haietan zauritutakoen kereila) bai Iruñeko Udalak berak erabakitakoa.

Udalaren eta herritarren kereila

Hasieratik SF-78: gogoan! elkarteak proposatuta, Udalak eta frankismoaren hainbat biktimak, 2017ko martxoan, kereila kriminala jarri zuten frankismoaren krimenengatik eta, zehazki, Nafarroan gauzatu zirenengatik (erailketak, desagertzeak, gatibu-lanak, torturak, espetxea, errepresioa…), nazioartean gizateriaren aurkako krimentzat hartuak baitira eta, hortaz, preskribatu eta amnistiatu ezinak.

Iruñeko epaitegiak, ezta Nafarroako entzutegiak eta Auzitegi Konstituzionalak ere ez zuten ontzat hartu. Une hauetan bidezko errekurtsoa ari da prestatzen NBEko Giza Eskubideen Batzordean aurkezteko.

Sanfermines 78: gogoan! Elkartearen kereila kriminala

2019ko urtarrilean, Iruñean, SF-78: gogoan! elkarteak kereila kriminal bat aurkeztu zuen 1978ko sanferminetako eraso polizialarengatik. Krimen haren erantzuletzat ondoko hauek hartzen dira: Rodolfo Martin Villa orduko Barne ministroa, Ignacio Llano Nafarroako gobernari zibila eta poliziako agintari eta ofizial batzuk. Kereila Iruñeko Udalak, Peñen Federazioak, German Rodriguezen ahaideek eta gertaera haietan zauritutako batzuek ere izenpetu zuten. Nafarroako Parlamentuak, bere aldetik, sostengua eman zion ekimenari.

2020ko irailean, kereila hori largetsi eta artxibatu zuen epaileak, kereilako gertaerak “aferak epaituak” zirela argudiatuta, hark inolako eginbiderik egin ez bazuen ere, ezta aurkezturiko froga berriak aintzat hartu ere. Haren xedapenaren aurka bidezko errekurtsoa aurkeztu da eta, orobat, kexa bana Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Gorenaren aitzinean, 40 urtean, gertaera kriminal haiei dagokienez mantendu den jardun judizial laxoa dela kausa.

Kereila argentinarra

2010eko apirilean Argentinan frankismoaren krimenengatik kereila kriminala aurkeztu zenetik, SF-78 gogoan! elkarteak ekimen horren bultzadan hartu du parte. 2013ko abenduan, Estatu osoko frankismoaren biktimen kolektibo eta ahaideen ordezkaritza zabalarekin batera (torturak, umeen lapurretak, desagertzeak, atzerria, espetxea…) Buenos Airesera joan ginen lehen aldiz.

Beranduago, 2019ko ekainean, SF-78 gogoan! elkarteko ordezkaritza bat, Arturo Ruizen ahaide batzuekin (1977ko urtarrilean poliziak eraila Madrilen) eta udal, foru, estatu eta Europako zenbait hautetsirekin Buenos Airesera joan zen María de Servini epailearen aurrean agertzeko eta kereila kriminal bat aurkezteko, besteak beste, Rodolfo Martin Villaren aurka, epaitegi hartan gizateriaren aurkako krimenengatik inputaturik baitago.