Testuinguru historikoa

Testuinguru historikoa

Diktadorea 1975ean hil ondoren eta krisi ekonomiko sakona zelarik, Estatu espainiarreko botere ekonomiko eta politikoaren sostengatzaileak beren menderatze formetan funtsezko aldaketak egitera beharturik zeuden. Aparatu faxista zaharrak erabiltzeko saio ahalketsu batzuen ondoren, haien porrota ikusita, alderdien presentzia izanen zuten forma parlamentarioak eta oinarrizko askatasun politiko mugatuak sartzera bideratu zituzten aldaketak. Horretan baitzetzan, azken finean, Adolfo Suarezen Erreforma Politikorako Legea.

Helburua zen diktaduran taxuturiko armada eta aparatu poliziala ia-ia osorik iraunaraztea, auzitegiak eta legegintza-xedapen mordoa aldaketa xume batzuekin mantenduta eta aldamio instituzionaletako gailurrean Erregea kokatuta, Estatuko klase, alderdi eta instituzioetako arbitro nagusiaren gisara. Baina prozesu erreformista horrek oztopo handiak aurkitu zituen bidean. Horietako lehendabizikoa, herriaren erresistentzia harekin zekartzan mugak onartzeko. Eta, bestalde, aparatu frankistaren beraren erresistentziak.

Gasteizko (1976ko martxoak 3) eta Jurramendiko (urte bereko maiatzak 9) gertaerek ekarri zuten Arias Navarrok eta Manuel Fragak defendatutako bertsio erreformistaren porrota eta krisi orokortuaren egoerara eraman, hori guztia egoera ekonomikoaren andeatze gero eta handiagoa zelarik eta mobilizazio popularra gero eta goragokoa.

Egoera hori konpondu zen PSOE eta PCE bezalako alderdiak operazio erreformistan sartu eta hari sostengua ematearekin. Horrela, krisi ekonomikoaren ondorioen aurrean, Moncloako Ituna (1977ko urriak 25) sinatu zen, benetako itun soziala, enpresarioendako arnasbidea izan zena, langileek krisi ekonomikoaren eta beren desmobilizazioaren ondorio guztiak pairatu zituzten bitartean.