Gogoan monumentua

2018ko ekainaren 29an “GOGOAN” monumentua inauguratu zen, German Rodriguezen oroimenez dagoen hilarritik ez urruti. Haren oinarrian honako legenda hau irakur daiteke: “GOGOAN. 1978ko Sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean”.

Dora Salazar eskultoreak egindako monumentua burdinazko eskultura da, bi metroko altuerakoa eta gizaki-irudi elbarritua irudikatzen du. Ehunka pertsonak eta herri kolektibok finantzatu zuten oso-osorik eta Iruñeko Udalak lagundu zuen bertan paratzen. 2019ko uztailaren 19an, Nafarroako Gobernuak “Nafarroako Memoria Historikoaren Toki” deklaratu zuen ofizialki.

Germanen hilarriarekin batera, memoria multzo bat osatzen du eta sanfermin haietan Iruñeko biztanleriak jasandako erasoa irudikatu nahi du. Polizia espainiarrak gauzatu eta Barne ministerioan sorturiko erasoa, zeinaren erantzule politiko nagusia Rodolfo Martin Villa orduko ministroa izan baitzen. Inauguratu zenetik, monumentua zenbait erasoren xede izan da eta salatzeko bezainbeste elkarretaratzerekin erantzun da.