Aurrekariak

Aurrekariak

1978. urte hasieran, Baskongadetako autonomia aurreko erakundea (autonomia estatutuaren aurreko erregimena, Adolfo Suarezen gobernuak asmatutakoa) egintza burutua zen eta konstituzioari buruzko eztabaida hasia zen 1977ko ekaineko hauteskundeetatik sortutako Gorteetan. Autonomia aurreko erregimenak Eusko Kontseilu Nagusia ekarri zuen, Nafarroa arekan utzita. Urte haren bukaeran onetsiko zen konstituzioaren proiektuak autonomia bat biltzen zuen, “Espainiako unitate sakrosainduaren” zaintzan, euskal herritarren autodeterminazio eskubidearen ukazioan eta Euskal Herriko lurraldetasunaren ukatzean oinarritua. Alde batetik, mahai politikoan lan egiten zuten PNV, PSOE eta PCE bezalako alderdiei eskuinak ezartzen zituen muga antidemokratikoak onarrarazteko eta, bestetik, errepresioa etengabea zen Nafarroan 1978. urte osoan zehar.

Maiatzaren Lehena istiluz josia izan zen, poliziaren esku-hartze basatiak medio. Inkontrolatu eta faxisten banden jardunak ere egun haietako ezaugarri izan ziren. Maiatzaren 9an, Iruñean, Guardia Zibil bat hil zen ETAren atentatu batean. Hurrengo egunean, hileta-elizkizunaren ondoren, eskuin muturreko manifestazio batek erasoak eta enfrentamenduak sorrarazi zituen Iruñeko alde zaharrean. Ultrak LKIko egoitzari eraso egiten saiatu ziren eta tiro egin zuten atean barrena baina ez zuten sartzea lortu. Poliziak osatu zuen esku-hartzea eta lokalean zeuden pertsona guztiak atxilotu zituen. Enfrentamenduen ondorioz, Guardia Zibileko tenienteorde bat zauriturik izan zen. Aste bat geroago hilko zen.

Kale-jantzian zihoan tenienteordearen heriotza eta gero, maiatzean, atxiloketak izan ziren, Iruñeko peñetako kideengan eragina izan zutenak. Uztailaren 3an zortzi lagun itxi ziren Herriko etxean eta arestian aipatutako gertaerengatik atxilotutakoen askatasuna galdegin zuten. Sanferminak hasi ziren eta txupinazoa Herriko etxeko lehen pisutik jaurtiki zuten, jaurtikitze ohiko tokia den bigarren pisuan atxilotuen ahaide eta lagunak baitzeuden. Uztailaren 7an, zezenketatik hiru peña atera ziren pankartak tolesturik zeramatzatela eta Eusko Gudariak kantatuz. Horrela ailegatu zen zorigaiztoko uztailaren 8a.