Aldarrikapena eta omenaldiak

1979az geroztik, urtero, ekitaldi bat egiten da 1978ko uztailaren 8an jazotako gertaeren oroimenez. Hasiera batean Gobernuaren Ordezkaritzak espreski debekatu zuen eta horrek isunak, atxiloketak, egunak komisaldegian eta epaitegietatik pasatzea ekarri zituen. Halaber, errepresioa izan zen Yolanda Barcina (UPN) alkate andrearen erantzuna hilarria kentzeagatik egindako protestari. Hala eta guztiz ere, ekitaldiak beti egin dira, uztailaren 8ko urteko hitzorduari kale egin gabe.

Egia erran, oroitzapen ekitaldia bikoitza izan da beti. Goizean, hilarri aurrean elkarretaratze bat egiten da, Germanen lagunek eta burkide izandakoek deituta, azken denbora hauetan SF-78 gogoan! elkartea deitzailea bada ere. Ekitaldian, dantzariek, aurreskulariek, kantariek, bertsolariek, rap-kantariek… hartzen dute parte. Gero, arratsaldean, zezenketa bukatuta, peñak zezen-plazatik isiltasunean ateratzen dira, pankartak bildurik, hilarrira ailegatzeko. Bertan oroitzapen eta omentzeko ekitaldi xumea egiten da.