Martín Villaren aurkako elkarretaratzea, Tres Reyes hotel aitzinean

Martín Villaren aurkako elkarretaratzea, Tres Reyes hotel aitzinean
otsaila 8, 2024 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Hemen gaude, frankismoa izan zenaren eta bere errepresio kriminalaren adierazle garbiena, egun oraindik bizirik dagoena, Iruñean egotea errefusatzeko. Martin Villari errateko ez dugula hemen nahi, joan dadila eta ez dadila sekula itzul.

Rodolfo Martin Villa frankista izan zen eta frankista da, harrokiro frankista. Gaztetatik Falange Espainiarreko kidea, ondoren mota guztietako karguak izan zituen Diktaduran eta Trantsizioan: Sindikatu Espainiar Unibertsitarioko buru, Sindikatu Bertikaleko idazkari, Erreinuko Kontseiluko kide, Gobernari Zibil Bartzelonan, Gorteetako Prokuradore, Harreman Sindikaletarako ministro, Barne ministro, Lurraldeetako Administrazioko ministro eta UCDren Gobernuko presidenteorde. Beranduago, Alderdi Popularrean afiliatu eta bertan zuzendaritzako kide izan zen.

Martin Villak ordezkatzen du “ate birakarien politika” deitutakoaren alderdi latzena ere. Politika aktiboa utzita, hamarkadatan zuzendaritza karguak izan zituen 45 korporazio espainiar handitan: ENDESA, zeinaren pribatizatzailea izan baitzen; CEPSA, Energis, Bankia, Sogecable, Prisa Telebista, Caja Madrid, Técnicas Reunidas… Patronal handia hagitz eskuzabal izan zen frankismoan zetazko eskularruarekin tratatu zuenarekin.

Iruñean, Barne ministro zen aldetik, Martin Villa Poliziak 1978ko sanferminetan protagonizatutako Estatu krimen azpikariaren erantzule politiko nagusia izan zen. Haren ondorioak ezagunak dira: German Rodriguez gaztea hilik, balaz zauritutako 11 pertsona, ehunka lagun gehiago ospitaleetan artaturik, hiri bat suntsiturik eta bestak leherturik. Horregatik, 2019an, Iruñeko Udalak Martín Villa pertsona non grata deklaratu zuen, baina hari horrek bost axola dio.

Egun haietan, tiro polizialek ere bertze gazte bat, Joseba Barandiaran, hil zuten Donostian, Iruñearekin elkartasuna adierazteko manifestazio batean. Krimen horiek segida eman zieten bertze zenbait gehiegikeriari: Gasteizko martxoaren 3ko sarraski poliziala eta Jurramendiko erailketak, 1976an; Amnistiaren aldeko II. astean hildako zazpi pertsona, 1977an… Krimen horietatik ezta bakar batendako ere ez da justiziarik izan, isiltasuna, estalketa eta inpunitatea baizik.

Sanferminetako gertaeren karietara, Martin Villak honako hau adierazi zuen: “gureak akatsak dira; bertzeak, krimenak”. Gaur, Palestinan, ikusten dugun moral hipokritaren antzekoa, izan ere, han, herri horren erresistentzia terrorismotzat jotzen da, gobernu israeldarraren genozidio ekintzak defentsa zilegirako eskubidetzat hartzen diren bitartean.

Gure taldeak, Sanfermines 78: gogoan!, hemen, Iruñean, eta Argentinan, zenbait kereila paratu ditu, Martin Villa erantzuletzat jo dezaten 1978ko sanferminetan jasan genuen erasoarengatik, eta, ondorioz, gizateriaren aurkako krimen bat egin izanagatik. Horretan gaude eta horretan segituko dugu egia, justizia eta ordaina lortu arte.

GERMAN, JOSEBA, GOGOAN ZAITUZTEGU!!!

MARTIN VILLA ERRUDUNA!!!

JOAN DADILA IRUÑETIK!!!

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude