Borroka
BORROKA LUZE BAT
1978ko uztailaren 8an poliziak gauzaturiko erasoarengatik egia, justizia eta ordaina galdatzeko borroka sanfermin haietan bertan hasi zen. Uztailaren 11n, German Rodriguezen hileta eginkizunen ondoren izandako manifestazioan 40.000 pertsonak errudunei zigorra! galdegin zuten. Orduz geroztik, inpunitatearen aurkako borrokak ez du atsedenik hartu. Lehenik eta behin, karrikan, uztailaren 8 orotan eta beste momentu seinalatuetan egindako elkarretaratzeak. Horrekin batera, botereak ezarritako ahanzturari aurre egiteko sentsibilizazio sozialeko jarduerek (hitzaldiak, erakusketak, asteak, bideoak…) funtsezko garrantzia izan dute. Azkenik, erakunde guztiei (Iruñeko Udala, Nafarroako Parlamentua, Espainiako Kongresua, Europako Parlamentua) Estatu krimen haren gaitzespena galdegin zaie. Horrekin batean, zenbait ekimen judizial (kereila propioak, kereila argentinarra…) bultzatu dira, duela berrogei urte ukaturiko justizia galdatzeko.