Ondorioak

Ondorioak

Erakundeak konplize izan ziren

Egun haren balantzea honakoa izan zen: hildako bat, polizien tiroek zaurituriko hamar pertsona eta beste ehunka lagun gehiago, ospitaleetan eta Gurutze Gorrian artatuak izan zirenak, gomazko pilotakadez, ke-poteek, kolpeek… zauriturik. Bestak bertan behera gelditu ziren eta, uztailaren 12an, Euskal Herrian izan zen borroka egunean, Joseba Barandiaran erail zuen polizia armatuak Donostian, Iruñearekiko elkartasunez eta bertan gauzaturiko eraso poliziala salatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zelarik.

Ez da inor epaiturik izan gertaera haiengatik. Peñek sorturiko Ikerketa Batzordeak talka egin zuen erantzuleren bat ikertu eta auzipetzearen aurkako ezezko judizialarekin. Diputatuen Kongresuan ere UCDko gobernuaren jarrerarekin egin zuen topo (Gureak akatsak dira, besteenak erailketak, erran zuen Martin Villa orduko Barne ministroak), bai eta PCE eta PSOEren onarpenarekin ere (Santiago Carrillo orduko PCEko idazkari nagusiak adierazi zuen Gobernuaren ikerketa eta Kongresuko Barneko Batzordeari emandako informazioa akasgabeak zirela, aurkezturiko txostenak, hitzez hitz, “German Rodriguez ez zela hil poliziaren tiroen ondorioz” erraten bazuen ere).

Berrogei urtean, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Estatukoak (UPN, PP, PSN, PSOE) uko egin diote errekonozimendurik egiteari, egiari, eta justizia eta ordaina eskakizunei buruz. 2018an, gertaera haien 40. urtemugaren karira, inflexio puntua izan zen jokabide horretan. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak erabaki batzuk hartu zituzten, SF-78 elkarteak gauzaturiko ekimenei bultzada handia eman dietenak: Barne Ministerioaren dokumentazioa desklasifikatzeko eskaera, Egiaren Udal Batzorde bat sortzea, Udalak kereila bat jartzea erailketa harengatik… Aldiz, Estatu mailako instituzioek ainguraturik jarraitzen dute inpunitatea babesteko ezagutu ditugun politika berdinetan.