1978KO SANFERMINAK: ZORIA ETA BEHARRA

1978KO SANFERMINAK: ZORIA ETA BEHARRA
uztaila 3, 2022 No Comments Albisteak,Berriak,Iritzia ekimena

Aurten 40 urte beteko dira Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa onetsi zenetik. Haren bidez, Nafarroa Nazio espainiarraren barruko komunitate autonomiko gisara eratu zen.

Jakina denez, lege hori ez zen erreferendumaren mende paratu, beste autonomia estatutuekin, ordea, egin zen bezala. Izan ere, 1982ko maiatzean, Nafarroako Foru Parlamentuko foru erregimeneko batzordean, atzera bota zuten Euskadiko Ezkerrak aurkeztutako mozioa, lege organikoaren proiektuaz erreferendum deialdia eskatzen zuena. UCD, UPN eta PSOEk aurkako botoa eman zuten eta EAJren sostengu bakarra lortu zuen.

Lege hori 1982an onetsi izana diktadorearen heriotza (1975) ondoren Nafarroan planifikatutako prozesu politiko baten bukaera izan zen. Diktadura erregimen demokratiko homologagarri bihurtze barruan, premiazko kapituluetako bati zegokion prozesua, beti ere sistema frankista eratu eta sostengatu zuten estamentuekin inolako hausturarik ekarri gabe.

Eta kapitulu hori zen, Estatu “sendoaren” proiektu baten barruan, diktadurapean Euskadin, Katalunian eta Kanarietan batez ere harrotu ziren nazio asmoak behar bezala bideratzea.

Horregatik, 1977an, Ministro kontseiluak ezarri zuen autonomia aurreko erregimena hiru probintzia baskongadetarako, Nafarroa kanpoan utzita. Hilabete batzuk lehenago berrezarri zen Kataluniako Generalitat, eta Pais Valencia, Andaluzia, Galiziako autonomia aurrekoak ere. Denek, guztiek, muga zehatza zutela: “Espainiaren batasun hautsezina”.

Afera zen mekanismo instituzionalak sortzea, haien gainean autonomia estatutuak finkatzeko, nazio asmoak bilbadura horretan bideratuz eta herri mobilizazioak zapuztuz eta haiei protagonismoa kenduz.

Nazio asmoak itzaltzea zen xedea, amaraun preautonomiko batean korapilatuta, Estatuko nazionalitate eta erregio guztien tratamenduan berdintasuna ezartzen baitzuen, guztiendako neurri autonomiko bera erabilita.

Gainerako tokietan ez bezala, non proiektu autonomista UCD, PSOE eta alderdi nazionalisten arteko itunetan oinarritu baitzen, Nafarroan, bere estatutua onetsi aitzineko prozesua UCDren eta nafar eskuin erreakzionarioaren arteko itun zuzenaren gainean zimendatu zen.

1979ko urtarrilean, Amadeo Marco jauntxo eta Nafarroako Foru Diputazioko presidente frankistaren eta Rodolfo Martin Villaren arteko negoziazioaren emaitza gisa, itxuragabekeria instituzional bat ezarri zen, ororen gainetik helburua zuena bermatzea eskuinak gobernatutako Diputazioak (UCDko 4 partaide, PSOEko 1, HBko 1 eta Amaiurko 1), “prozesu autonomiko nafarra” kontrola zezan, kontuan izanda parlamentuak ez zuela eskumen legegilerik eta ez zuela Diputazioaz inolako kontrolik. Gainera, haren osaera erabat desorekatua zen , zeren eta UCDk eta UPNk, botoen %42 erdietsita ere, gehiengo absolutua baitzuten.

Haren eginkizuna zen inposizio proiektu horri itxura demokratikoaren berniza ematea, eta, baliabide posible guztiekin, probintzia baskongadoek eta Nafarroak osatutako autonomia eragozten saiatzea.

Gobernuarekin Hobekuntzaren testua negoziatu zuen batzordea 7 partaidek (UCD, UPN eta PSOE) osaturik zegoen, guztiak berezko bide autonomikoaren aldekoak, gainerako indar politikoak bazter utzita.

Amadeo Marcok ordezkatzen zuen eskuin kazike, frankista eta erreketek eta Martin Villa ministroak jatorrian diseinatu eta antolatutako proiektu politikoa ezartzeko Alderdi sozialistaren oniritzia behar zuten eta horrek ez zuen zalantzarik izan emateko. Baina, nagusiki, proiektuaren arrakastak oinarri zuen Euskadiko gainerako probintziekin batu gogo zuen herri mobilizazioaren zanpaketa.

Eta puntu honetan zentzua hartzen du 1978ko sanferminetan gauzatutako erasoak, bai eta gure lurrean izandako beste zenbait gertaerak ere: urte hartako maiatzaren 1a, eskuin muturreko taldeen jarduna, Askatasunaren Ibilaldiko karga, Jurramendi…

1978ko uztailaren 8an poliziak zezen plazan sartzea eta karrikak hartzea, inor bereizi gabe tiroak botatzen eta “tiro egizue energia guztiekin. Ez izan hiltzeko inolako ardurarik” kontsignapean, kasualitatearen emaitza izan zela sostengatzen duenari bakarrik erantzuten ahal diogu Demokrito filosofoari egozten zaion esaldi honekin: baden oro zoriaren eta beharraren ondorioa da.

Erran daiteke 1978ko uztailaren 8ko gertaeretan hildakoak (German, Joseba), zauritutakoak, kolpatuak, gaseztatuak… erasorik izan zirela bestan egoteagatik, indarkeria polizialari erantzuten karrikan egoteagatik. Zoritzat har daitekeen inguruabar horregatik dira biktimak. Baina, orobat, zuzen da aitortzea jardun polizial hori motibatu eta eragin zutela behar bat zegoelako; proiektu politiko bat zegoelako; antolatutako planifikazio bat zegoelako, Nafarroan, kosta ala kosta, estatus autonomiko zehatz bat ezartzeko.

Eta gauzatu zen azpijoko horren atzean Martin Villa maltzurra zegoen.

Horregatik, erabilitako indarkeria ezin hobeki sartzen da “Gizateriaren aurkako krimentzat” ezagutzen diren horietan. Indarkeria instituzionalaren testuinguru batean gauzatu zen, eredu politiko zehatz bat ezartzea xede zuena.

Estatu espainiarreko eta Nafarroako klase zapaltzaileen interesekin bat egiten zuen eredua, klase horiek II. Errepublikaren aurkako kolpe militarraz geroztik, diktadura luzean boterea bidegabeki eduki eta erabateko inpunitatearen babesean bertan mantentzea erdietsi baitute.

Gertatutakoa ez zen zoriaren ondorio izan, ezta gaizki ulertutako aginduena edo poliziak gehiegikeriaz jokatu izanarena ere. Aurretik pentsatutakoa izan zen, helburu politiko batekin. Hortik heldu da gertaera haiek epaitzeari temati uko egitea. Krimen horiengatik erantzuteko Martin Villa aulkian jartzeak zalantzan paratuko luke trantsizio espainiarraren egokitasuna, bai eta ustez izandako itun baketsua ere.

Horregatik segitzen dugu Egia, Justizia eta Ordaina galdatzen. Horregatik segitzen dugu kereila argentinarra sostengatzen, Europako erakundeetan agertzen eta hemengo auzitegiei justizia egin dezatela eskatzen. Horregatik, urtez urte, segitzen dugu Germanen oroimeneko monolitora bertaratzen.

Menchu Velasco Fleta, Fermín Rodríguez Saiz
Iniciativa Popular Sanfermines78:Gogoan Herri Ekimena

Marta Aparicio López, Iosu Santxez Jarero
Federación de Peñas de Iruñea

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude