Sanfermines 78 gogoan! eta Iruñeko Peñen Federazioak elkarrekin antolatu dituzte uztailaren 8ko ekitaldiak

Sanfermines 78 gogoan! eta Iruñeko Peñen Federazioak elkarrekin antolatu dituzte uztailaren 8ko ekitaldiak
uztaila 1, 2022 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Heldu den uztailaren 8an, beste behin, elkarrekin deitzen ditugu gure hiriko herritar guztiak, 13:00etan, Germanen hilerri ondoan eginen dugun elkarretaratzean parte hartzera, zezenketan eginen den isiltasun minutuarekin bat egitera eta, ondoren, pankartak bildurik, isiltasunean, hilarriraino joanen diren Peñak laguntzera, han, Germani eta 1978ko sanferminetako biktima guztiei beren omenaldia eginen baitiete.

Aurten Sanfermines 78: gogoan! elkarteak eta Iruñeko Peñen federazioak elkarrekin aurkeztu dugu uztailaren 8ko ekitaldiak. Ez da horrela egiten dugun lehendabiziko aldia, baina beste batzuetan, kolektibo bakoitzak bere gisara antolatzen zituen ondorengo ekitaldiak. Lehendabiziko aldiz, eta interes sozialeko gaitzat jotzen dugunez, uztailaren 8 egunari dagozkion jarduera guztiak elkarrekin antolatuko ditugu bi kolektiboek. Espero dugu etorkizunean horrela egiten segitzea.

Horrela, duela 15 egun eskas, bi taldeok gonbidaturik, gure hiria bisitatu du Julieta Bandirali abokatu argentinarrak, “kereila argentinarra” deiturikoaren sustatzaile handienetakoa bera.

Hemen egon den bitartean, zenbait erakunderekin elkarrizketatu da (Foru Parlamentua, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala), zuzen zuzenean informazioa emateko kereilaren egoeraz eta Martin Villaren inputazio kriminalaz, hura baita 1978ko sanferminetan pairatutako basakeria polizialaren erantzule politiko nagusia. Elkarrizketetan azpimarratu du frankismoaren krimenengatiko egia, justizia eta ordaina lortzeko ahaleginetan segitzeko premia.

Baterako jarduerekin jarraituz, egun batzuk geroago, gure bi kolektiboetako ordezkari batzuk, CEAQUAn (Kereila Argentinarra sostengatzeko Estatu mailako Plataforma) dauden beste talde memorialista eta sozialekin batera, Bruselaraino joan gara, Europako Parlamentuan salatzeko Estatu espainiarreko memoria historikoaren politikak oinarri duen inpunitate erregimena. Bertan azpimarratu genuen zer lotsa ematen duen Estatu krimenen biktimek, 1978ko sanferminetakoek edo Gasteizko martxoaren 3koek, besteak beste, milaka kilometro egin behar izanak egia, justizia eta ordaina lortzeko beren eskakizunak aintzat hartuak izan daitezen.

Bitartean, lanean eta mobilizatzen segituko dugu epailetzaren ateak behingoz ireki daitezen planteatu zaizkion justizia eskakizun orori dagokionez. Epailetza horrek atzera bota eta artxibatu baititu aurkeztu zaizkion kereila guztiak, eta uko egin dio izaera kriminaleko jardun polizial hura epaitzeari, bi gazte hilik, balaz zauritutako hamaika lagun eta osasun zentroetan artatutako hirurehun pertsona inguru utzi zituen hura.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude