IRUÑEKO 1. EPAITEGIAK LARGETSI ETA ARTXIBATU EGIN DU CONCEPCION EDO GILEK TORTURENGATIK AURKEZTUTAKO KEREILA

IRUÑEKO 1. EPAITEGIAK LARGETSI ETA ARTXIBATU EGIN DU CONCEPCION EDO GILEK TORTURENGATIK AURKEZTUTAKO KEREILA
maiatza 12, 2023 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

2023ko apirilaren 27an, Maria Teresa Reta Cárcamo epaileak, Iruñeko Instrukzioko 1. Epaitegiko titularrak, erabaki du Concepcion Edo Gilek aurkeztutako kereila largetsi eta artxibatzea. Kereila duela bi hilabete jarri zuen CEAQUAren bidez (Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinadora), 1973an, Iruñeko Poliziaren Komisarian jasan zituen torturengatik, 19 urte bertzerik ez zuela.

Polizia batzuek kolpatu zuten, burutik oinetaraino, bereziki sabel eta abdomenean. Horren ondorioz, umetokia eta maskuria desplazatu zitzaizkion, orno batzuk mugitu eta lesio kronikoak izan ditu, orkatiletan nekropsia barne: osteonecrosis eta poliartrosis. Orobat, irain laidogarri eta sexualak eragin zizkioten. Aurrekoaren ondorioz, hilabete eman zuen ospitalean.

Epaile andreak emandako autoa benetako astakeria da ikuspuntu juridikotik, erabateko mespretxua adierazita kereilariak pairatutakoarekin eta gaur duen egoerarekin, bizitza osorako lesioak gelditu baitzaizkio. Astakeria diogu zeren eta, Concepcion Edo Gilek
aurkeztutako kereila zehatz eta oinarrituari emandako erantzunean (bi lerro, ez bertzerik) dagoen argudio juridiko bakarra baita salatutako egiteak preskribatu direla, kereilaren xede diren egiteak duela 40 urte baino gehiago gertatu zirelako.

Modu horretan, magistratuak bazter uzten du gizateriaren aurkako krimenen arloan indarrean dagoen nazioarteko araudia, zehazkiago, NBEren tortura eta bestelako tratu krudel, anker edo iraingarrien aurkako Konbentzioan ezarritakoa, 1987az geroztik indarrean dagoena, eta delitu horiek preskribaezintzat jotzen dituena. Ez hori bakarrik. Irudi du ez dela enteratu joan den urtean Memoria Demokratikoaren Legea onetsi eta indarrean sartu zela, bere ebazpenean ez baitu inolako aipamenik egiten horretaz.

Halaber, nabarmendu behar dugu ezen PSOEk baieztatu duen arren Memoria Demokratikoaren Legearekin diktadura frankistan eta trantsizioan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktimen eta beren ahaideen eskubideak aitortuak eta gauzatuak izaten ari direla, errealitatea ari zaigu erakusten baieztapen hori funsgabea dela neurri handi batean.

Hain zuzen ere, lege horrek indarra hartu zuenetik emandako lehendabiziko bi ebazpen judizialetan (Xoxe Ramón (Moncho) Reboiras-en erailketa –Ferrol- eta Concepción Edo Gil-ek jasandako torturak –Iruñea-), kereilak largetsiak eta artxibatuak izan dira. Horrela mantendu da Estatu espainiarrak (gobernua eta epailetza) jarraitu duen inpunitate doktrina, krimen frankisten ikerketa judiziala eragozten duena.

Erran gabe doa ebazpen judiziala errekurrituko dela eta frankismoaren krimenendako egia, justizia eta ordaina eskatzen segituko dugula, zigor gabe jarraitzen baitute.

Iruñea, 2023ko maiatzaren 12a
Sanfermines 78: gogoan! (CEAQUAko kidea)

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude