Kereila bat aurkeztuta Iruñeko auzitegietan tortura polizialengatik

Kereila bat aurkeztuta Iruñeko auzitegietan tortura polizialengatik
otsaila 20, 2023 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Gaur, asteartean, otsailak 21, Iruñeko Auzitegietan kereila kriminal bat aurkeztu da María Concepción Edo Gilek jasandako torturengatik, Iruñeko Poliziaren Komisarian egon zen bitartean. 1973ko ekainaren 19an, kereilaria, orduan 19 urte zituena, atxilotu zuten Motor Ibérica enpresako greba batekin loturik. Greba horrek, beranduago, bide eman zion greba orokorrari Nafarroan, ekainaren 14an, segizio handia izan zuena.

María Concepción Edo Gili leporatu zioten FRAPeko kide izatea eta legez kanpoko propaganda edukitzea. Harekin batera bertze hamar pertsona gehiago atxilotu zituzten, haien artean, German Rodriguez, LKIko militantea, 1978ko sanferminetan Poliziak erail zuena.

Poliziaren Iruñeko komisarian bortz egunez egon zen atxilo. Lehen momentutik jasan zituen tratu txarrak, kolpeak gorputz osoan eta etengabeko mehatxuak (lokian apuntatu zuten pistola batekin). Atxilotze aldian, tratu laidogarria eman zioten emakumea izateagatik. Halaber, zutik egotera behartu zuten atxilotzeak iraun zuen denbora gehienean.

Komisariatik pasatu ondoren, Iruñeko espetxean sartu zuten eta, bi hilabete geroago, Donostiako espetxera eraman. Han, jasandako torturek eragindako oinazeak zirela kausa, ospitalera eraman zuten eta hau diagnostikatu zioten: ureteritis (plaka odoleztatuak ureterretan) eta maskuri eta umetokiaren desplazamendua. Horren ondorioz, sabeleko min kronikoak pairatu ditu. Azkenik, Yeseriasko espetxera (Madril) eraman zuten eta handik atera zen 1975eko urtarrilean.

KEREILA

Kereila polizia frankistaren Brigada Politiko Sozialeko (BPS) bi poliziaren kontra jarri da, José Blanco Martín eta José Bernardo Barbaren aurka, haiek izan baitziren aipatutako torturak eragin zizkiotenak. Orobat, orain arte identifikatu ezin izan diren kideen eta haien nagusien kontra eta auzipetu, epaitu eta kondenatu zuten Orden Publikoko Epaitegiko kideen aurka.

Kereila horrek bat egiten du Espainiako Estatuko hainbat epaitegitan (Bartzelona, Galizia, Valentzia, Madril) duela gutxi aurkeztu diren beste lau kereilekin (Memoria Demokratikoaren Legea onartu ondoren) eta 2019tik jarritako 80 antzeko kereilekin.

Orain arte epaitegi eta auzitegiek aurkeztutako kereilei emandako erantzuna negatiboa izan da, izapidera onartzeari uko eginez eta haiek artxibatuz. Alabaina, uste dugu gaur pisuzko arrazoiak badirela gauzak aldatzeko.

Lehenik eta behin, Espainiako Epaitegi eta Auzitegiek Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidea aplikatu behar dietelako gizateriaren aurkako krimen horiei, nazioarteko hainbat instantziak behin eta berriz eskatu duten bezala, hala nola Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak eta Europako Kontseiluak berak, eta auzitegi espainar horiek berek beste estatu batzuetan egindako antzeko krimenak (Argentina, El Salvador, Guatemala…) ikertu edo epaitu dituztenean egin den bezala.

Bigarrenik, estatuko eremuan ere aldatu delako frankismoaren krimenak aztertzeko esparrua. Horri dagokionez, aipatu beharra dago Auzitegi Konstituzionalean, lehen aldiz, ondorio horietarako agertu den aurkako jarrera (hiru boto partikular, Gerardo Iglesias PCEko idazkari nagusi ohiaren kasuan). Orobat, Memoria Demokratikoaren Legea berriki onetsi izana. Hura sustatu duen gobernuak eta Kongresuak berak adierazi dute balio beharko duela giza eskubideen gaineko nazioarteko araudia aplikatzeko, orain arte arbuiatu dutena.

Hori dela eta, Sanfermines 78: gogoan!-tik (CEAQUA) galdatzen diegu epaile eta magistratuei behingoz deuseztatu dezatela frankismoak gizateriaren aurka gauzatutako krimenekin mantendu duten inpunitatea eta, bertze zenbait herrialdetan egin den bezala, eman ditzatela eremu horretan nazioartean galdatutako estandarrekin egokiak diren erantzunak.

Bada tenorea JUSTIZIAren ateak erabat irekitzeko kasu horiek ikertu eta epaitzeko. Bestela, krimen horien inguruko EGIA partziala eta zatikatua izanen da, orain izaten ari den bezala, ORDAINA txikiagotua eta BERRIRO EZ GERTATZEKO BERME izpirik ez da izanen.

Iruñea, 2023ko otsailaren 20a.

Sanfermines 78: Gogoan!
(CEAQUAko partaidea, Kereila Argentinarra Sostengatzeko Koordinadora)


About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude