Hitzak eta soinuak inpunitatearen aurka

Hitzak eta soinuak inpunitatearen aurka
uztaila 3, 2023 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

1978ko uztailaren 8a. Iruñeko zezen plaza. Zezenketa bukatutakoan, peñak eta bere txarangak hasi dira hondarrera jausten ohiko irteera abiatzeko. Polizia espainiarra oldarka sartu da kailejoitik, jendea kolpatuz eta tiroak botaz. Gomazko piloten burrunbak isilarazi du bonbo eta txunden soinua.Tiro-hotsek isilarazi dituzte gaitak, tronpetak eta saxofoiak. Besta-kantak izu eta amorru garrasi bihurtu dira.

Karrikan, bertze horrenbertze. Poliziaren sirenek eta txakur-talde zoro haren kargek leherrarazi dute besta. Irrati polizialetik debekualdi altxatu da: “Ez izan hiltzeko ardurarik”, diote. Bestako gorria isuritako odolarekin nahasi zen eta, gau hartan, German edonor izan gintezkeen.

Gobernua, bere polizia eta bere epaile losintxariak gertatutakoa estali eta isilarazten saiatu ziren. Erran zuten guztiak akatsak izan zirela, baina plazan zeuden 20.000 pertsonak aurkakoaren lekuko izan ziren: deus ez zen ustekabekoa izan, nahitakoa baizik. Estatu krimena izan zen eta, haren erantzule, UCDren gobernua eta Martin Villa bere Barne ministroa.

Orduz geroztik, 45 urtetan zehar, gertaera horien memoria transmititu da hainbat eremuren bitartez (sanferminetako peñak, talde memorialistak, idazleak…), eta krimen harendako egia, justizia eta ordaina galdegin dituzte. Horien artean, garrantzizkoenetako bat, musikarena izan da.

Erranairu batek horrela dio: “partitura guztiak hautsi ahalko dituzte baina ezin izanen dute musika deuseztatu”.

Sanfermin haietan pilotakadez eta tiroz isilarazi zituzten gure ahotsak, aldarrikapenak eta kantak, baina agudo berpiztu ziren. Orduz geroztik, hamaika abesbatzak, musika taldek, raperok, jotarik, kantautorek, bertsolarik.. isilarazitako egia erreskatatu eta kantatu eta ukatutako justizia galdegin dute, eta txistulari taldeak, gaitariak, fanfarreak eta txarangak lagun izan dituzte beti gauzatutako aldarrikatze-ekitaldiek.

Horregatik, uztailaren 8 honetan, pertsona eta talde horietako aunitzek zuzenean hartuko dugu parte Sanfermines 78 gogoan! elkarteak antolatu ohi duen ekitaldian. Germanen hilarriaren ondoan izanen da, 13:00etan, eta herritar guztiak deitzen ditugu bertaratzera. Modu horretan, gure aletxoa paratzen segituko dugu inpunitatearen aurkako borrokan.

INPUNITATEAREN AURKA,
EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOA
Iruñea, 2023ko uztailaren 3a


About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude