Gogoan monumentuaren plakaren lapurketa: memoriaren aurkako eraso berri bat

Gogoan monumentuaren plakaren lapurketa: memoriaren aurkako eraso berri bat
uztaila 27, 2019 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

2018ko ekainaren 29an, 1978ko sanferminetako gertaeren 40. urtemugaren karietara, Gogoan monumentua inauguratu genuen.

Hiri erasoaren aldeko omenaldia zen. Dora Salazar artistak egindako eta kolektiboki ordaindutako estatuarekin nahi genuen irudikatu populazio baten kontra nahita eragindako basakeria eta, orobat, justiziarik eta ordainik gabe iragandako 40 urte hauetan izandako inpunitatea.

Plakaren testuak honela zioen: “1978ko Sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean”.

Eskultura eta plaka, Germanen oroipeneko hilarriarekin batera, Nafarroako Memoria Historikoaren tokitzat daude erregistraturik 2019ko uztailaren 19tik, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak horretarako sortu zuen erregistroan.

Horrek erran nahi du espazio horiek eta bere elementuak babesturik daudela bake, bizikidetza eta memoria transmititzeko kultura sustatzen laguntzen dutelako.

Eta haien babesa erakundeei dagokie: Iruñeko Udalari, Nafarroako Gobernuari bai eta Estatuaren Gobernu Ordezkaritzari ere.

Horrek, orain, eta Gogoan eskulturari dagokionez, erran nahi du ikertu behar dutela, lapurretaren egileak aurkitu eta aurreikusitako administrazio neurriak aplikatu behar dituztela. Hauen artean, plaka berehala berriro jartzea.

Bigarren hausnarketa lapurreta honen inguruan. Zer bilatzen dute ekintza hauen egileek?

Ez da ustekabekoa izan, ez baldarkeria, ezta gizabidearen kontrako ekintza ere.

Guk lapurreta hau eraso berritzat hartzen dugu, 1979az geroztik Germanen hilarriaren kontra egindakoei gehitu behar dena. Azkena, 2016ko irailean izan zen, plaka pinturaz zikindu zutenekoa (lehenago mailukadaz eta lehergailuz suntsitu zuten)

Herri oso baten memoria demokratikoaren aurkako erasoa da.

Ez da hutsala plakak erasotzea, bertan gertaera haien egia argi eta garbi irudikatzen baita. Gertatu zena ezkutatzeko saioa da. Isiltasuna eta ahanztura ahalbidetzeko ekintza da.

Inoiz ez dugu jakin Germanen hilarriaren aurka zuzendutako erasoak argitzeko jardunik izan ote den. Espero dugu geldotasun hori kasu honetan ez errepikatzea, zeren eta, arestian aipatu bezala, orain araudiak babesturiko tokia baita.

Prentsaurreko eta elkarretaratze hauek berrespen ekintza dira 1978ko Sanferminetako gertaerengatik Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak lortzeko herriak azaltzen duen ahaleginean. Horretan gaude eta horretan segituko dugu inoren gogoz kontra bada ere.

Sanfermines78 Gogoan Herri Ekimena
2019ko uztailak 27

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude