Borrokan segitu behar dugu egiaren, justiziaren eta ordainaren alde
Borrokan segitu behar dugu egiaren, justiziaren eta ordainaren alde
Gaurko egunarekin, duela hogeita hamar urte, Hegoamerikan erraten duten bezala, hiri hau apalizatua izan zen. Bortizki apalizatua. Ondorio lazgarrienak German eta Josebaren heriotzak, hamarnaka zauritu eta jaiak haustea izan ziren. Urtemuga honetarako argitaratu den dokumentalean, horretaz gain, tratu txar hark sortu zituen ubeldurak ere erakusten dizkigute. Denbora honetan zehar etengabe sortu diren ubeldurak eta urradurak, gaur egun ere azaleratzen jarraitzen dutenak. Sorrarazitako traumatismorik handienak Unión del Pueblo Navarro du izena. Erasoa suertatu eta gutxira jaio zen eta hor dirau, gure hiria aldatu nahian temati, hiri benetan kontserbadore, uniforme, gris eta espainiarra bihurtu nahian. Jo mugan paratzen zaion lehendabiziko edari gasdunarekin negozioetan ibiltzeko duda izpirik ez duena Gora Iruñako herri taldeei besta hauetan zehar bere ekitaldiak antolatzeko Takonera erabiltzea debekatzen dien bitartean.
Iraganiko denborak ez ditu zauriak itxi. Aitzitik, sakondu egin ditu. Gaur hemen uztailaren 8etan parte hartu duten lagunek hemen behar zuten egon baina, haien borondatearen kontra, ezin izan dira bertaratu, espetxeraturik baitaude libreki haien ideiak adierazteagatik, gure herriarendako askatasun eta demokraziaren alde egiteagatik.
Hogeita hamar urte hauetan nahi izan dute gertaera haiek ahantzi ditzagun, gure oroimenetik ezabatzea nahi izan dute, modu horretan, bere zigorgabetasuna bermatzeko eta gu erasotzen segitzeko. Basakeria polizial eta politiko hura egin zuenarendako immunitate osoz garbitzen ahal baldin bada, diseinatu eta planifikatu zuenarendako inolako erantzukizunik gabe garbitzen ahal baldin bada, zergatik ez jarraitu pertsona disidenteak espetxeratzen, talde politikoak ilegalizatzen, adierazpen eskubidea murrizten, herritarren talde eta mugimenduen lana oztopatzen, gizartearen funtsezko zati baten ordezkaritza eta lan politikoa ebasten, errepresioa, torturak, tratu txarrak, dispersioa… mantentzen?

Horregatik erresistentzia inportantea da oso. Haien hiriaren eta gure oroitzapena ebasteko saioak bertzerik ez diren haien monumentuen aitzinean guk gure ikurrak, hilarri hau bezalakoa, mantentzea. Ahazteari amore eman ez diogun seinale baitira. Lan hauek gertaera haiek ekartzen dizkigute gogora eta, bidenabar, isiltasun, gezur eta zigorgabetasunaren erdian garbitzeko egin dituzten saioak errefusatzen ditugula irudikatzen dute. Lan hauek oihukatzen diote entzun nahi duen orori: Herriari eraso egitea errendimendu politikoak lortzeko berriro ere inoiz ez! Galdera bat botatzen digute, pertsona aunitzen buruan darabilena: Sistema honetan ez al dago epaitegirik, instituzio politikorik gertaera haien bidegabekeria aitortzeko gai denik, barkamena eskatzeko gai denik, errudunak aulkian esertzeko eta sortutako kaltea ordaintzeko gai denik? Ez al du herri honek dagokionarengandik kalte ordainik merezi?
Iraganiko hogeita hamar urteen ondoren gauza bat arras garbi ageri da: EZ DAITEKE DEUS ERAIKI AHAZTURA, ISILTASUN ETA ZIGORGABETASUNAREN GAINEAN ETA EZ GAUDE PREST HONEK HORRELA JARRAI DEZAN.
Mezua gardena da: borrokan segitu behar dugu EGIAREN, JUSTIZIAREN ETA ORDAINAREN alde. Hilarria berriz paratzea lortu dugun bezalaxe, orain geure buruari planteatu behar diogu gure esfortzuak bikoiztu egin behar ditugula honetan. Gure ahalegin kolektiboarekin, hogeita hamar urteotako parte hartze handia mantenduz, denon artean lortuko dugu. Aurrera!
GERMAN, JOSEBA GOGOAN ZAITUZTEGU!
HERRIAK EZ DU BARKATUKO!