Hogeita hamar urte igaro al dira?

Hogeita hamar urte igaro al dira?
uztaila 11, 2008 No Comments Iritzia ekimena

Ramon Contreras Lopez. Sanferminak 78 gogoan! taldeko kidea

Zinez zaila da denbora kontzeptua definitzea; hura neurtzera mugatzen gara. Hala ere, hainbat modutan jabetzen gara denboraz, erlatiboa da, dena mundu materialean izandako harreman eta aldaketen arabera dago. Benjamin Franklinek honelaxe zioen: «Bizitza honetan bi gauza seguru daude bakarrik; heriotza eta zergak». Henri Begsonentzat, berriz, denboraren fluxua intuizioaren laguntzaz baino ezin zen hauteman. Horrexegatik izango da ez zaidala iruditzen hogeita hamar urte joan direnik 1978ko uztailaren 8 hartatik.

Duela astebete-edo -prentsak horren berri eman zuen- batzar bat egin zen Sarrigurengo elizan (???) Eguesibarko ikastetxe publikoetan D eredua aldarrikatzeko. Duela hogeita hamar urte bezalaxe.

1978ko uztailera itzuliz, justizia administrazioarentzat orduko gertaerak ez ziren jazo. German eta Josebaren hilketek, dozenaka zaurituek, ez dute merezi izan arbuiorik txikiena ere epaileen aldetik. Eta epaitegiek eta epaileek justizia egiteko eta ordaina emateko gaitasunik eza eta porrota erakutsi baldin badute, zer esan beharko genuke administrazio publikoei buruz! Bakar batek ere ez die leku txikienik ere gorde trantsizioko biktimen artean sartzeko; hilketa haiek ikertzeko eta argitzeko mugitu ere ez dira egin; nola eskatuko dute, beraz, barkamena beraiek ordezkatu (eta sustengatu) duten sistema politikoaren egintzengatik!

1979ko otsailean, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide gehienak eta LKIko Batzorde Nazionalekoak atxilotu eta kartzelatu egin zituzten Langraizko espetxean, berena zuten adierazpen askatasuna erabiltzeagatik. LKIkoen artean, Patxi Urrutia zegoen. Gaur, ia hogeita hamar urte geroago, ezker abertzaleko buruzagiak, Urrutia bera barne, egoera berean daude. Marmotaren eguna film amerikar horren modukoa da; Bill Murray aktorea egunero egun berean esnatzen da, egun bera egunero bizitzera kondenatuta. Sisiforen mitoaren berrikuspena.

Baina dena ez da berdin edo antzekoa; gai batzuetan okerrera egin du egoerak. 1978. urtean, Iruñeko jaiek gune herrikoiak zituzten; gaur, Unión del Pueblo Navarro-k, gertaera haiek jazo izan ez balira ziurrenik boterean egongo ez litzatekeen alderdiak, jai alternatibo eta herrikoiak antolatzeko lur publikoa erabiltzea debekatzen dio Gora Iruñari, eta, bitartean, gure hiria multinazionalei saldu die, era guztietako enpresei, eta osasunarentzat kaltegarri diren edariak promozionatzen ditu. Hiria eta jaiak bertako herritarrei arrotz egiteraino aldarazi ditu; kontsumismoa eta uniformitatea saritzen ditu eta kritika eta disidentzia zigortzen.

Orduan bezala orain ere, krisi hitza entzuten dugunean badakigu zertaz ari diren: enpresarien, aurrezki kutxa eta bankuen eta enpresa multinazionalen irabaziak espero baino gutxiago haziko dira (hau da, mozkin gutxiago aterako dute), eta horren ondorioz, langabeziak gora egingo du, lan baldintzak okertu egingo dira eta gure soldatek ez dute igoerarik izango, aurreko urtekoen moduan geratuko dira, izoztuta. Erosteko ahalmena galduko dugu, noski, premiazko lehen mailako produktuak garestitu egingo direlako.

Horregatik guztiagatik iruditzen zait ez direla hogeita hamar urte igaro; horregatik guztiagatik egiten zait ulergaitz hainbeste denbora igaro dela ikustea.

Gauza gutxi batzuek gogorarazten didate denboraren joana: Germanen hutsuneak; ahanzturaren aurkako urteotako borrokak; gure lagunaren hilarria berriro jartzeko mobilizazioek; egia jakiteko, justizia egiteko eta ordaina lortzeko herriko sektoreek egin dituzten ahaleginak; eta, bereziki, buru gaineko ile urdinduek. Horiexek laguntzen didate denboraren joanaz jabetzen, eta horrexek gogorarazten dit gure borrokan datzala denbora hori bizitzea merezi izatea.

[Berrian argitaratua]

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude