Iruñeko udalak “Germanen hilarria” birjarri du

Iruñeko udalak “Germanen hilarria” birjarri du
urtarrila 19, 2008 No Comments Albisteak,Iritzia ekimena

Comisión Hilarria Batzordea

UPNren Udalak “Germanen hilarria” birjarri du azken 29 urteotan egon den tokian. Honen aurrean, HILARRIA Batzordeak ondoko hau agertu nahi du:

1.- Gure erabateko poztasuna adieraztea UPNren Udalaren aurrean lortutako garaipen honengatik. Konbentzituta gaude azken bi urteotan, hilabetez hilabete eskari honen alde egindako eskakizunak eta mobilizazioak bakarrik ahalbideratu dutela hilarria dagokion tokira itzuli izana. HILARRIAren sorrera eragin zuen helburua arrakastaz bete da eta horrela, berriro ere, frogatu da gizarte zibilaren arrazoiaren indarra abian jartzen denean “gauza bakoitza bere tokian” paratzeko gai dela.

2.- Horregatik, lehenik eta behin, gure esker onak adierazi nahi dizkiegu eskaera honen alde egin duten lagun eta talde guztiei, elkarteratzeetan parte hartu dutenei, horrela Germanen hilarria gure herriak jasan zuen erasoa, hain zuzen, ezabatua gerta zedin eragotzi dugulako.

3.- Halaber gure esker onak adierazten dizkiegu udal talde hauei: PSN, Na-Bai, ANV eta IU, legealdi honetan eta aurrekoan eman diguten laguntzagatik erabakia hartzeko orduan eta, ondoren, erabakia gauzatua izan zedin ere.

4.- Nolanahi ere, UPNren Udala salatu nahi dugu hilarria ezkutuan birjarri duelako, ez HILARRIA Batzordeari ez udal taldeei inolako jakinarazpenik eman gabe. UPNren Udalak eta bere alkatesa Yolanda Barcinak horrela adierazten dute eskakizun hauekiko izaten duten mespretxua, Iruñeko populazioaren gehiengoak eta honen udal ordezkariek bere egiten dituzten arren, UPNk ez baititu gustuko.

5.- Oroitarazi nahi dugu hilarria birjartzearekin ez direla betetzen Batzorde honek hasiera hasieratik finkatu zituen helburu guztiak. Gure oinarrizko helburua baita 78ko sanferminetako gertaera mingarri haiek gure herriaren historiarako berreskuratzea, azken 29 urteotan ukatu diguten egia, ukatu diguten justizia eskatuz. Hori dela eta, herritarrei eta, bereziki, talde sozialei, kulturalei… dei egiten diegu gertaera odoltsu haien XXX urte mugarako abian jarri ditugun ekitaldietan parte har dezaten.

6.- Azkenik eta hilarria dagokion tokira itzuli dela behar bezala ospatzeko, Iruñeko herri osoari dei egiten diogu abenduaren 15an, larunbatarekin, hilarriaren ondean, besta-eskakizun gisan eginen dugun KONTZENTRAZIOra etor dadin.

Iruñean, 2007ko azaroaren 28an

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude