Lortu dugu

Lortu dugu
urtarrila 19, 2008 No Comments Albisteak,Iritzia ekimena

2007ko abenduaren 15eko kontzentrazioan irakurritako agiria. Ekitaldi horretan Germanen hilarria betiko lekuan birjarri zutela ospatzen zen.

2005ko udan lagun talde batek Hilarria Batzordea eratu genuenean gure asmoa zen Germanen hilarria berreskuratu eta bere jatorrizko tokira ekartzea. Gaur, harrotasunez eta poza handiz esan dezakegu LORTU DUGUla.

Bi urte hauetan ahalegin honetan bidaide izan zaituztegu: talde politikoak, gizarte erakundeak, kultura elkarteak, pertsona asko…. Eta frogatu dugu mobilizazioak, herri borrokak zentzua badutela eta azkenean, batzuetan, bere helburuak lortzen dituztela. ZORIONAK!

Zuen laguntza eskertu nahi dizuegu. Zuek hilero 8an hemen egon gabe, zuek eskuzabal zuen ekarpena egin gabe, abesti bat dela, dantza, olerki bat dela, zuek adierazitako interesik gabe ez genuen lortuko 1978ko sanferminetako gertaerak oroitzen dituen monolitoa hemen, Orreagako etorbidean, berriro egotea. Orain, gainera, plaka batekin. ESKERRIK ASKO!

Halaber udal talde hauei eman nahi dizkiegu eskerrak: Iruña Berria, Ezker Batua, Aralar, EA, PSN, NABAI eta ANV udal taldeei, hain zuzen, aurreko legealdian eta legealdi honetan haien laguntza eman baitute herritarren garaipen hau gauzatu zedin.

2005ean taldea eratu genuenean esan genuen eskuinak emandako Estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren burnizko urteetako oroimena berreskuratzeko ahalegin kolektiboaren partaide izan nahi genuela, orduko gertaerak, Nafarroako 3.000 fusilatu baino gehiago, Ezkabako gotorlekuko espetxeratzeak, Francoren erregimenaren 40 urtetako errepresioa, besteak beste, ahaztu daitezen ekiditeko.

Gaur gudu bat, hilarria bere tokian birjartzearena, bukatutzat ematen dugu eta lekukoa borrokaren beste kapitulu bateko protagonista izanen den taldeari pasatzen diogu, 1978ko gertaeren XXX. urtemuga antolatuko duen taldeari, gertakariak ez ahazteko eta gure herriaren aurkako eraso harengatik ordainaren, erantzukizunen eta zigorraren eskakizuna mantentzeko beste urrats gisa.

Hilarria birjartzearen aldeko borrokak bide bat finkatu du. Orain lanerako foro zabala eratzen da, XXX urtemugaren inguruan arestian aipaturiko helburuak lortze aldera. Hemendik gonbitea luzatzen dizuegu lan esparru honetan modu batean zein bestean sar zaitezten. Borrokan jarraitzen dugu. Denon artean antolatuko ditugun mobilizazio eta ekitaldietan elkartuko gara.

Berriro ere: ESKERRIK ASKO ETA AURRERA.

Hilarria Batzordea

Iruñean, 2007ko abenduaren 15

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude