Nafarroako Auzitegiak 1978ko sanferminetako kereila artxibatu du eta Auzitegi Konstituzionalan helegitea aurkeztuko da

Nafarroako Auzitegiak 1978ko sanferminetako kereila artxibatu du eta Auzitegi Konstituzionalan helegitea aurkeztuko da
urtarrila 23, 2024 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

2019ko urtarrilean kereila bat paratu genuen 1978ko sanferminetan, Iruñean, gauzatutako eraso polizialari buruzkoa. Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, gertaera haietan larriki zauritutako zenbait pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak izenpetu genuen. Ondoren, kereila hori Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Parlamentuaren sostengua hartu zuen.

Bortz urte iraganik eta Instrukzioko zenbait epaitegitatik eta Nafarroako Auzitegi Probintzialetik egindako ibilbide bihurgunetsuaren ondoren, azken horrek Auto bat eman du, apelazio errekurtsoa atzera botaz eta Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak erabakitako kereilaren artxiboa berretsiz. Horregatik, lehenik eta behin salatu nahi ditugu instantzia judizial horiek kereilarekin erakutsitako pasibotasuna eta utzikeria. Izan ere, erranairuak dioen bezala: “ geldoa den justizia, ez da justizia”.

Bigarrenik, baieztatu nahi dugu artxibo horrek erakusten duela Justiziak duen lankidegoa Estatuak eta bere instituzioek krimen hori tratatzeko izandako inpunitate politikarekin. Inpunitate politika horrek eragina du trantsizio espainiarrean jazotako bertze gertaeretan ere: Jurramendi eta Gasteizko Martxoak 3, 1976an; Madrilgo aste beltza eta Amnistiaren aldeko II. astea, 1977an, e.a. Horiek guztiak Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako krimenak dira, gizateriaren aurkako krimenak.

1978ko sanferminetako gertaeren ondoren, haiengatik paratutako kereila guztiak atzera bota eta artxibatu egin zituzten. Orduan argudiatu zuten froga aski ez zela krimen hartan poliziak izandako erantzukizunari zegokionez. Zezen plazan milaka pertsonak ikusitakoa ez zen aski izan. Ezta Germanen bizitza suntsitu zuten tiro polizialak ikusi zituzten dozenaka lekukoren adierazpenak ere. Epaileek eskuak garbitu zituzten eta Martin Villaren bertsioari men egin zioten, hark adierazi baitzuen: “gureak akatsak dira, haienak krimenak”.

Gaur, modu bertsuan, Justiziak arrazoi zuzengabekoak erabili ditu (epeen ustezko iragatea gure aldetik!) gertaera haiek baloratzera ez sartzeko eta erantzuna saihesteko. Horregatik errekurrituko dugu artxiboaren autoa Auzitegi Konstituzionalean eta bertze kereila bat, aurrekoaren berdina, aurkeztuko, aferaren muina epaitzeko aukera izan dezaten eta galdera sinple batzuk erantzun ditzaten: erantzule izan ziren polizia, haren agintariak eta Martin Villa orduko Barne ministroa Iruñeko populazioak, karriketan eta zezen plazan, pairatutako eraso polizialean? Erantzule zuzenak izan ziren German Rodriguezen erailketan?

Bitartean, ekimen judizialak, instituzionalak eta sozialak bultzatzen jarraituko dugu 1978ko sanferminetako gertaerendako eta haien biktimendako egia, justizia eta ordaina erdietsiak izan daitezela lortu arte. Lortu bitartean ez dugu etsiko.

Iruñea, 2024ko urtarrilaren 23a

Sanfermines-78: gogoan!
German Rodriguezen ahaideak
1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak
Iruñeko Peñen Federazioa


About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude