Elkarretaratzea “Memoria eta Justizia: hemen eta orain!” eskatzeko

Elkarretaratzea “Memoria eta Justizia: hemen eta orain!” eskatzeko
apirila 21, 2021 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

30 kolektibok baino gehiagok bat egin dute Memoria Demokratikoaren Lege berriak frankismoaren krimenak ikertzea eta horren arduradunak auzipetzea bermatzeko ekimenarekin.

MEMORIA ETA JUSTIZIA

Manifestu hau sinatu dugun talde memorialistek, sindikatuek, kolektibo feministek, pentsiodunen elkarteek eta kultura-elkarteek urteak daramatzagu borrokan Espainiako Estatuak isiltasunean eta ahanzturan oinarrituriko inpunitate-politiken aurka, erregimen frankistak egindako gizateriaren kontrako krimenei dagokienez.

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpe faxista hasi zenetik, eta Nafarroan inolako gerra-fronterik izan ez arren, errepresio-politika orokor eta anker baten menpe jarri zuten gure herria: milaka hilketa eta desagerpen, sexu-indarkeria, bazterketa eta emakumeen aurkako diskriminazio-mota guztiak, espetxea, esklabo-lana, haurtxoen lapurreta, ondare-espoliazioa…

Ondorengo hamarkadetan, lan-esplotazio basatiko erregimen bat bizi izan genuen, bizitzaren alderdi guztietara iristen zen errepresioarekin batera: askatasunak ezabatu; kultura, hizkuntza eta erlijioa inposatu, jauntxokeria, poliziaren inpunitatea… Ondoren, trantsizioan, errepresioa areagotu egin zen lan-gatazka sonatuen inguruan (Potasas, Motor Iberica, Torfinasa…), bai eta Jurramendiko gertakarietan, 1977ko amnistiaren aldeko astean edo 1978ko sanferminetan. Baina horren guztiaren gainean isiltasun, ezkutukeria eta inpunitatearen estalki lodi bat hedatu zuten.

Aurreko guztiari loturiko egiaren erreskatea, funtsean, frankismoaren biktimen senideek eta Nafarroako hainbat talde memorialistek egindako lan eskergagatik lortu da. Bestalde, Estatuko gobernuek gai horri buruz izan duten politika, gehienez ere, aintzatespen instituzional partzial eta eskasak egitera bideratu da, frankismoaren zigorgabetasun-ereduari eragin ez diotenak.

Gobernuak 2020ko irailean onetsi berri duen Memoria Demokratikoaren Aurreproiektua aurrerapauso nabarmena izan da hainbat alderdiren aldetik; baina oraindik ez dira jorratu, ezta kendu ere, Estatuko botereek orain arte aipatu dituzten oztopo nagusiak, alegia, Francoren diktaduran eta trantsizioan egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ahal izateko oztopoak.

Azken urteotan, Espainiako auzitegiek ez dituzte onartu eta artxibatu egin dituzte hainbat elkarte memorialistek eta frankismoaren biktimek aurkezturiko laurogei kereila baino gehiago. Horien artean daude, hemen Nafarroan, Iruñeko eta Sartagudako Udalek jarritakoak, German Rodriguezen senideek, sanferminetako peñek eta 1978ko sanferminetako gertakarietan larri zauritutako hainbat pertsonak jarritakoak, eta biktimen senideek jarritako dozenaka salaketak. Auzitegiek, ordea, 1977ko Amnistiaren Legea eta balizko delituen preskripzioa argudiatu dute, eta gizateriaren aurkako krimenen jazarpenari buruzko nazioarteko araudia aplikagarria ez dela erantzun.

Horregatik guztiagatik, Manifestu hau sinatu dugunok Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan ditugun ordezkariei eskatzen diegu bultza eta erabaki ditzatela beharrezkoak diren ekimen guztiak, Memoria Demokratikoaren Lege berrian behin betiko berma dadin diktaduran eta trantsizioan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona guztien benetako babes judizialerako eskubidea. Ekimen horien artean honako hauek proposatzen ditugu:

  • 1977ko Amnistiaren Legea aldatu, indargabetu edo deuseztatzea.
  • Zigor Kodearen erreforma, nazioarteko legezkotasunaren printzipioa txertatzeko.
  • Espainiako Estatuak gerra-krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskribaezintasunaren konbentzioa berrestea.
  • Gure erakundeak arras ahalduntzea, ikerketaren eta egiaren batzordeak eratu ahal izan dezaten, gizateriaren aurkako frankismoaren krimenei dagokienez.
  • Gizateriaren aurkako frankismoaren krimenak ikertzea eta auzitaratzea eragozten duten lege-xedapenak aldatzea (Sekretu Ofizialen Legea).

Mugimendu memorialistak eta gizarteak, oro har, aldarrikatzen duten goiburua: “Egia, Justizia eta Erreparazioa”, ezin da berriro zokoratu. Memoria Demokratikoaren Lege horren oinarri nagusia Justiziarako eskubidea izan behar da, eta azken horrek beste eginbehar hauek daramatza bere baitan: krimenen ikerketa penala egitea, egozte-frogak dituztenak epaitzea eta biktimen erreparazio integrala.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude