Eskuin muturrak Nafarroan gauzaturiko atentatu terroristei buruzko txostena hagitz motz geratu da
Eskuin muturrak Nafarroan gauzaturiko atentatu terroristei buruzko txostena hagitz motz geratu da
Berriki, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten bat aurkeztu du, “Terrorismo ezezaguna. Eskuin muturreko atentatu terroristak Nafarroan (1975-1985)” izenburupean Madrilgo Carlos III Unibertsitateko “Bartolomé de las Casas” Giza Eskubideen Institutuak gauzatu baitu.
Lehenik eta behin, galdetu beharko genioke Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zergatik enkargatu dion lan hori Madrilgo Carlos III Unibertsitateari, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kaltetan, zeinak horrelako ikerketak kaudimen osoz aitzina eramateko gaitasuna erakutsi baitu eta, gainera, Nafarroako errealitatea hurbilagotik eta hobeki ezagutzen baitu.
Hamar urte horietako laburpen gisara, dokumentuak ebaluatzen ditu 26 atentatu, 3 eraildako, 8 zauritu, desagertutako bat eta zenbatu ezinezko pertsona mehatxatu eta eragindako kalte material. Alabaina, Euskal Memoriak, 2014an, argitaratutako “La guerra no declarada. Terrorismo de Estado en Euskal Herria” liburuan azaldutakoa kontuan hartzen badugu, denbora epe horretan, Nafarroan, eskuin muturreko taldeek gauzaturiko 78 atentatu dokumentatu dira, datak, tokiak, izen eta abizenak adierazita. Hau da, Carlos III Unibertsitatearen txostenean islaturikoaren halako hiru. Eta ez dira munta gutxiko erasoak, ez. Ederki zehaztu eta egiaztaturik daude: bonba eta lehergailu bidezko atentatuak, metrailatzeak, molotov koktel bidezko erasoak, eragindako suteak, hautetsien aurkako zafraldiak, bortxatzeak…
Bestalde, lanaren aurkezpena egin ondoren, ikertzaileek beraiek aldaketa bat egin dute, hots, txostenetik kendu egin dituzte eskuin muturreko erakundeen zerrendako sigla jakin batzuen erreferentziak.
Ez dugu ezer “Bartolomé de las Casas” Giza Eskubideen Institutuaren aurka, baina, gure irudiko, dokumentuak ez du ikerketa-lan orok ustez izan behar duen zorroztasunik, are gehiago eremu horretan lehendik egindako azterlanak daudenean eta datu kontrastatuak ematen dituztenean. Izatekotan, azterlan horiek gehitze eta ekarpen berrien xede beharko lukete izan, inoiz ez murrizketena, aurkeztutako dokumentuan bezala. Hori ez zatekeen gertatuko ikerketa-taldean Nafarroan eskuin muturraren indarkeria lantzen aspaldin ari diren ikertzaileak sartu izan balira
Eta horrek garamatza Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzenean galdetzera zer nolako iritziaz kontratatu duen horren emaitza urriko lan duda-mudazko hori. Eta, ahal bada, bat ere zorrotza ez den txostenaz zenbat ordaindu den.
Txostenak, ez baitu daturik edo ikerketarik ekartzen, zuzenean azpimarratzen ez duen beste alderdi bat da eskuin muturreko taldeen eta polizia-gorputzen artean zeuden begi bistako hitzartze eta konplizitatea. Ekintza haiengatik egiten ziren elkarretaratze eta manifestazioetan, karrikan, oihukatzen ziren kontsignetako bat hauxe zen: “Gauez inkontrolatuak, egunez uniformatuak”. Esaldi horrek ederki laburbiltzen zuen herriaren pertzepzioa atentatu horien atzean zeudenei buruz.
Adibide gisa, azpimarratzen ahal da, 1978ko maiatzean, LKIren egoitzari bi aldiz eraso ziotela; lehendabizi, eskuin muturreko taldeek, egoitzara atean barna tiro egin baitzioten, eta, jarraian, poliziak, zeinak, eskuin muturreko erasoa jasan zuten eta egoitza barnean zeuden guztiak atxilotu baitzituen.
Jurramendin su-armez egindako erasoa eskuin muturreko ekintzatzat hartu izanak ezkutatu baino ez du egiten, hots, kargu politiko eta polizial goreneko pertsonaiek diseinatu, antolatu eta finantzatu zutela, eta gauzatu zena ez zela eskuin muturreko atentatu bat izan, Estatu krimena baizik, haren zerbitzuko mertzenarioek materialki gauzatu zutena.
Ahultasunez ahultasun, dokumentuak ez dezake egiaztatzeari utzi esker muturrekoari egotzitako ekintza gehienak ikertzeko eta auzipetzeko eraginkortasunik eza. Horrek berresten du krimen horiek izan duten eta izaten segitzen duten inpunitate ikaragarriaz dagoen pertzepzioa, bai eta justiziaren ahuleriaz ere, frankismoan eta trantsizioan gauzaturiko giza eskubideen urraketari dagokionez.
Ikerketak hartzen duen aldia 1985ean bukatzen bada ere, ez da ahantzi behar, Nafarroan, eskuin muturreko taldeek pertsona eta ondasunen kontra gauzaturiko ekintzek gaurdaino iraun dutela. Bakarrik adibide gisa hauek ekarriko ditugu gogora: 1989an, sanferminak hasteko zirela, bi lehergailuk Iruñeko udaleko Herri Batasunaren zinegotzi baten eta zinegotzi ohi baten autoak suntsitu zituzten; edo, 2009an, memoriaren sinbologia eta ekintzaileen aurka “Falange y Tradición” taldeak gauzatu zituen eraso eta mehatxuak.
Beharrezkoa izaten segitzen du instituzioek gehitzeak Nafarroan eragindako errepresio, Estatu krimen eta torturari buruzko egia. Eta, egia errateko, ikerketa honek arrunt gutxi laguntzen du horri dagokionez. Gure iragan hurbilaren inguruko egiazko ikuspegi zabala izatea gizarte honi zor zaion eskubidea da, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak erdiesteko egiaren parte gisa. Eta horretarako eskubidea dugu askatasun eta demokrazian oinarritutako oraina eta geroa lortzeko.
Miren Egaña Descarga, Pedro E. Zabalza Goikoetxeandia, Mentxu Velasco Fleta, Fermín Rodríguez Saiz, Ramón Contreras López
Iniciativa Popular Sanfermines78: Gogoan! Herri Ekimena