Errekurtsoa 1978ko gertaereko kereilaren largetsiaren aurka
Errekurtsoa 1978ko gertaereko kereilaren largetsiaren aurka
SANFERMINES-78: GOGOAN! ELKARTEAREN EKIMENAK BERE KEREILA LARGETSI ETA ARTXIBATU ONDOREN
Sanfermines-78: Gogoan! elkarteak, German Rodríguezen senideek, gertaera haietan zaurituriko pertsona batzuek, Iruñeko Peñen Federazioak eta Iruñeko Udalak jarritako kereila, Nafarroako Parlamentuak sustengatua, largetsi eta artxibatzea erabaki du Iruñeko 5. Epaitegiak berriki emaniko auto batean. Horrek, berriz ere, agerian uzten du Justiziaren eta Nafarroako herritar eta bertako instituzio nagusien artean dagoen urrutiratze nabarmena.
Ia berrogei urtetan jasan dugun urrutiratzea, izan ere, orduan jarritako kereilak (poliziaren sarrera zezen plazan, German Rodriguezen erailketa, jardun poliziala Iruñeko karriketan…) largetsi eta artxibatzeko lehendabiziko autoak eman baitziren. Orain ere, urrutiratze hori agerian gelditu da, azken ebazpen judizialak erabaki duelako ez dela bidezko kereila aintzat hartzea “afera epaitua baita”.
Egoera honen aitzinean, Sanfermines-78: gogoan! elkarteak ondoko jardunak egitea erabaki du:
1.- Erreforma-errekurtsoa, apelazioaren subsidiario, jartzea Iruñeko 5. Epaitegiak largetsi eta artxibatzeko emaniko autoaren aurka. Ekimen hau dagoeneko gauzatu da.
2.- Kexa bat jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Gorenaren aitzinean, azken horrek abenduaren 2an onetsitako Epaitegi eta auzitegien funtzionamenduari buruzko 1/1998 Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.
3.- Elkarrizketa bat eskatzea Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariarekin, 1978ko gertaeren ondotik jarritako kereilen tramitazioan, hasieratik, egon diren hutsune nabarien berri emateko, aintzat har ditzan. Eta horrekin batera, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, 2019ko martxoaren 14an, harturiko Erabakian oinarrituta, haren bitartez Nafarroako Gobernuari “jarritako kereila sostengatzeko” premiatzen baitzitzaion, errekerimendu horri erantzuteko harengandik aldeko jarduna galdatzea.
Azkenik, gure asmo sendoa berresten dugu Egia, Justizia eta Ordaina galdatzen segituko dugula 1978ko sanferminetan polizia espainiarrak gauzaturiko erasoari eta German Rodriguezen erailketari dagokienez, eta hori lortzeko beharrezko ekimen judizial, instituzional eta sozial oro gauzatuko ditugula.
Iruñea, 2020ko urriaren 13a.
SANFERMINES-78: GOGOAN!