Kontzentrazioa: Martin Villa epaitu
Kontzentrazioa: Martin Villa epaitu
Gaur eguerdian, Iruñeko epaitegien aurrean, Sanfermines 78 gogoan, Martxoak 3 eta Goldatu elkarteek deituriko elkarretaratzea egin da. Bertan, frankismoak errepresaliatu zenbait pertsona eta memoria historikoaren inguruko elkarteak egon dira, Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak galdatzeko. Orobat, Iruñeko, Gasteizko, Lizarrako, Errenteriako, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Zizurko eta Irungo udaletako ordezkariak etorri dira, bai eta Nafarroako Parlamentuko eta Diputatuen Kongresuko ordezkari batzuk ere.
Elkarretaratzeak xede izan du kereila argentinarrari sostengua adieraztea, gaur, irailak 3, Argentinak Madrilen duen enbaxadan, Martin Villari aitorpena hartu behar diotelako. Martin Villa inputaturik dago Argentinatik Maria Servini epaileak sustaturiko kereilan, frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik. Egunean zehar Madrilen, Asturiasen, Pais Valencian, Galizian eta Andaluzian ere eginen dira elkarretaratzeak.
Erregimen horretan giza eskubideen urraketa handi eta sistematikoak egin baziren ere, orain arte instituzio espainiarrek ez dute urraketa horiek jazarri, epaitu eta kondenatzeko deus egin. Aitzitik, babestu egin dituzte. Nazio Batuek behin eta berriz inpunitate politika hori salatu duten arren, gobernuek ez dute jaramonik egin erakunde horren ebazpenei dagokienez, eta epaileek atzera bota dituzte haien aurrean aurkezturiko ekimen oro. Kereila argentinarra da frankismoaren krimenengatik irekitako akzio penal bakarra eta, horregatik, gure sostengurik handiena merezi du.
Martín Villa hierarka frankista ohiak kitatu gabeko kontu anitz ditu Euskal Herrian. Ministro zelarik, gure herrian krimen eta sarraski polizial eta parapolizial ugari gauzatu ziren: martxoaren 3koa, Gasteizen; Jurramendi; Amnistiaren aldeko II. astekoak; 1978ko sanferminetakoa… Estatuko beste tokiak ere zipriztindu zituzten antzeko erailketek: Madril, Bartzelona, Malaga, Alacant, Tenerife… Martin Villa gako izan zen Estatu politika errepresibo eta kriminala gauzatzeko orduan.
Elkarretaratzean irakurritako agirian Presen Zubilaga Auzak eta Julia Monge Sarabiak ondokoa aipatu dute: “berriki jakin dugu Espainiako Gobernuko lau presidente ohik sostengua eman diotela hierarka frankista horri. Tamalez, ez gaitu harritu, hein handi batean haiek izan baitira hamarkada hauetan frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen erantzuleekin izandako inpunitate politikaren egileak. Jarrera lotsagabea pertsonaia horiena, zeinak, botere judizialaren independentziarekiko beharrezko errespetua urratuz, Servini epailearen jardunean eragina izaten saiatzen ari baitira, noiz eta Martin Villari aitorpena hartu behar dionaren bezperetan. Gainera, azpimarratu dute: Espero dugu aitorpen honen ondoren, Martin Villa auzipetu izatera pasatzea eta epaitu eta kondenatua izateko ateak zabaltzea. Erruztatuen aulkian jarrita nahi dugu ikusi, biktimen eta ahaideen akusazioei erantzuna emanez. Eta kondenaturik ikusi nahi dugu, hori erregimen frankistaren eta bere erantzule guztien kondena lortzeko funtsezko urratsa izanen bailitzateke”.