Uztailaren 8a koronabirusaren garaian: “Krabelinak Germanentzat, Martin Villa epaitu”

Uztailaren 8a koronabirusaren garaian: “Krabelinak Germanentzat, Martin Villa epaitu”
uztaila 7, 2020 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Koronabirusak eragindako pandemiak gure eguneroko bizimodua leherrarazi du, konfinamenduaren pean jarriz eta askatasun oinarrizkoenak murriztuz. Ez ditugu ondorio guztiak igartzen baina apustua egin dezakegu ez direla krisi sanitariora soilik murriztuko. Ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak ere eraginen ditu.

Gobernuaren kontsigna birusa menderatu behar dela izan da, lehenbailehen normaltasunera itzultzeko. Alta, zer normaltasun motara nahi dute itzuli? Kapitalismoaren hedapen basatia buru duen gizarte baten normaltasunera, ingurumenaren suntsitzea eta zoruen deforestazioa ekarriko duena urbanizazio masiboa errazteko, bertan ekonomiak, merkatuen nagusitasunari jarraikiz, harreman sozialak arautuko baititu. Horretan, demokraziak ez ditu herriaren benetako autogobernuaren edukiak bermatuko eta politikak maila ekonomikoan eraldatzeak lortzeko ahalmena galdua izanen du.

Finean, hori da jasaten ari garen krisi humanitarioaren sorreran dagoen (a)normaltasunera itzultzea.

Aitzitik, guk aldarrikatu behar duguna da gizakien ahalmen kolektiboa bere etorkizuna moldatzeko gai den gizartea, politika autodeterminazio kolektiboa gauzatzeko tresna izanen duena.

Herri mugimenduek, mugatze sanitarioak, bizitzaren errespetua eta osasun kolektiboarekiko elkartasuna kontuan izanik, mobilizazio sozialak eta borroka adierazpenak planteatzen jarraitu behar dugu, lehenik, egoera honetatik neurri antidemokratikoak eta askatasunen murrizketak indartuak atera ez daitezen, aldarrikapen sozial eta politikoak isilaraziak edo desagertuak gerta ez daitezen.

Eta, bigarrenik, krisi humanitario honetatik ateratzeak, pertsonak, bizitza, osasuna, ekosistemen errespetua, zaintzeak, osasun publikoa, elikadura-burujabetza… lehen tokian jar ditzan, aspalditik, mugimendu sozialak protagonista dituzten borrokak barne, mundu hobea lortzeko ilusio kolektiboak irudikatzen baitituzte. Besteak beste, lan harreman justuen aldeko aldarrikapenak, etxebizitzaren eskubidearen aldekoak, emakumeek beren eskubideen alde gauzatzen dituzten borrokak, AHTren eta azpiegitura handien xahutzearen kontrako mugimendua, jatorria edozein dela ere, pertsona guztiendako eskubideak aldarrikatzen dituztenak, bazterkeria sozial eta pobreziaren aurkakoak, Giza Eskubideak, eta, jakina, frankismoan eta trantsizioan eragindako krimenengatik Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko Bermeak aldarrikatzen dituztenak, haiek gabe ezina baita aitzina egitea gizarte justu eta demokratiko batean.

Horregatik, heldu den uztailaren 8an presente egonen gara. Aurtengo goiburua hauxe da: “Krabelinak Germanentzat, Martin Villa epaitu”. Herritarren parte-hartzerik handiena lortu nahi dugu, tabernetako terrazak erasotzeaz haratago, karrikak berriro konkistatzeko. Beste batzuen artean, gure deialdia da Germanen hilarrira 11etatik 13etara bitarte joan gaitezen, bertan krabelin bat uzteko.

Orobat, dei egiten dugu Iruñeko alde zaharrean, 22:00etan (German hil zuten ordua) kazerolada-burrunba egitera, entzun gaitzaten.

Hori guztia inpunitateaz aski dela aldarrikatzeko. Ezin dugulako onartu Antonio González Pacheco (Billy el niño) bezalako torturatzaileak beren dominak eta onarpen instituzionalak ukitu gabe mundu honetatik joatea, Antonio Salinas (Madero) edo Jose Maria (Chato) Galante bezalako borrokalariek utzi gaituzten bitartean, justizia lortzeko beren ahaleginak gauzaturik ikusi gabe.

Martin Villa epaitu behar dute. Dagoeneko inputaturik dago kereila argentinarrean eta bere auzipetzea, neurri batean, lehen urratsa izanen da frankismoaren eta trantsizioko krimenen inpunitatea desagerrarazteko. Memoria kritikoak iraganeko biktimen oroitzapena egiteko balio izaten du, bai eta oraineko borreroak agerian uzteko ere. Iragana oroitu, oraina eraldatu.

Gobernuen esfortzu guztiak koronabirusaren kontrako txertoa berehala sortzera daude bideraturik, ustezko normaltasunera itzularaziko diguna. Noizko inpunitatearen aurkako txerto bat 1978ko gertaerengatik, Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak ziurtatuko dituena? Berrogeita bi urte daramazkigu aldarrikatzen.

BIDEOA ikusi

About The Author