2020ko uztailaren 8rako deialdien aurkezpena

2020ko uztailaren 8rako deialdien aurkezpena
uztaila 6, 2020 No Comments Albisteak,Berriak,Deialdiak ekimena

Koronabirusak sorrarazitako pandemiak, konfinamenduak eta askatasun oinarrizkoen murrizketak eragina izan dute egun hori prestatzeko egiten dugun kanpainan.

Horregatik bertan behera utzi behar izan ditugu programatutako jarduera guztiak, pertsonen osasuna lehendabiziko tokian jarrita.
Halere, heldu den uztailaren 8an, presente izanen gara goiburu honekin: “Krabelinak Germanentzat, Martin Villa epaitu”. Gure deialdia, beste batzuen artean, da 11:00etatik 13:00ak bitarte Germanen hilarrira krabelin bat uztera joan gaitezen.

Orobat, deialdi hau egin dute kulturaren munduko, sanferminetako zenbait eremutako eta lrufieko gizarte mugimenduetako pertsona askok, bideo batzuetako grabazioan (youtube: SF-78: gogoan!) parte hartu eta lore eskaintza horretan parte hartzeko gonbita egin dutenak.

Ekitaldiaren bukaeran bertsolari batek esku hartuko du eta aurresku bat dantzatuko da German Rodriguez eta Joseba Barandiaranen omenez, bai eta eraso polizial kriminal eta bereizi gabeko hartan zauritutako pertsonen omenez ere. Ondoren, agiri bat irakurriko da.
Halaber, dei egiten dugu 22:00etan (German hil zuten ordua) kazerolada bat egiteko entzun gaitzaten.

Hori guztia inpunitateaz aski dela aldarrikatzeko. Ezin dugula onartu Antonio Gonzalez Pacheco (Billy el niño) bezalako torturatzaileak mundu honetatik beren dominak eta aitorpen instituzionalak ukitu gabe joatea.
Bitartean, borrokalari batzuek, besteak beste, Antonio Salinas (Madero), SF-78: gogoan! elkarteko partaidea eta José Mª Galante (Chato), kereila argentinarraren sustatzaile nabarmena, utzi gaituzte Justizia lortzeko egindako ahaleginak gauzaturik ikusi gabe.

Martin Villa epaitu behar dute. Dagoeneko kereila argentinarrean inputaturik dago eta espero dugu lehendabiziko urratsa izan dadila frankismoaren eta Trantsizioaren erailketen inpunitatea ezerezteko. Gobernu espainiarrak utzi behar dio prozesu honi oztopoak jartzeari eta bultzatu behar du 1968ko Sekretu Ofizialei buruzko Legea eta 1977ko Amnistiari buruzko Legea indargabetzea.

Ildo horretan, ontzat hartzen dugu atzo, lruñeko Udalak, EH Bildu, Geroa Bai eta PSNren aldeko botoekin, hartutako erabakia, kereila argentinarraren eta Servini epailearen jardunen alde agertu eta Martin Villari, frankismoan izandako karguak direla medio, lortutako dominak, ohoreak eta sariak kentzeko galdatzen duena.


Peñen Federazioan ere aurretik azaldutakoarekin bat egiten dugu. Jakina denez, krisi sanitarioaren egoerak behartu gaitu sanferminetan besta ekitaldirik ez egitera eta pertsonen osasuna lehen tokian jartzera. Peñak izan ziren eragile nagusietako bat 1978ko gertaeren ondoko ikerketetan eta horrela gelditu zen islaturik peñen ikerketa batzordeak argitara eman zuen txostenean. 42 urte beranduago haiendako egia, justizia eta ordaina galdatzen segitzen dugu eta horretarako kereila argentinarraren Kereilari gara. Halaber, uztailaren 8an, urtero, aldarri- eta memoria-ekitaldi bat egiten dugu zezenketaren ondoren. Aurten diferente izanen da baina 20:00etan German Rodriguezi omenaldi txiki bat eginen diogu, lruñea hiriak jasan zuen erasoa oroituz.
42 urte daramatzagu Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko Bermeak aldarrikatzen eta horretan jarraituko dugu. Ez gara nekatuko.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude