2019: Germanen omenaldia eta 78ko gertaeren salaketa
2019: Germanen omenaldia eta 78ko gertaeren salaketa
41 urte iragan dira Iruñeko hiriak eraso polizial basatia jasan zuenetik. Hain handia izan zen non, lehendabiziko aldiz historian, San Fermin bestak bertan behera utzi behar izan baitziren. Ohikoa denez, Sanfermines 78 gogoan ekimenak eta Iruñeko Peñen Federazioak, uztailaren 8rako, German Rodriguez, Joseba Barandiaran eta eraso hura jasan zuten pertsona guztiendako omenaldia antolatu dugu, Egia, Justizia, Ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak aldarrikatzeko eta urte hauetan guztietan gertaera haiekiko izan den inpunitatea salatzeko.
Bide honetan, 2019. urtea oso garrantzizkoa izan da. Alde batetik, Estatuak 41 urtez ezkutatu duen informazioaren zati bat eskuratu dugu. Bestetik, bi prozesu judizial sustatu ditugu, bata Iruñean, bestea Argentinan, gertatutakoa argitzeko eta jasandako erasoa epaitu ahal izateko.
Gainera, azpimarratzen dugu “Martin Villa epaitu” ekimena abian jarri dugula; kanpaina hau sare moduan antolatu da Estatu osoan, eta Rodolfo Martin Villa salatzea du ardatz, hura izan baita politika errepresibo eta odoltsuaren egile nagusietako bat, non Estatuak krimenak eragin eta giza eskubideak urratu baitzituen. Azken finean, diktadura frankistan eta trantsizio deiturikoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak aztertu eta epaitzeari buruz Estatuak izan duen inpunitate politika kritikatu nahi duen mobilizazioa.
Uztailaren 8an, Germanen hilarri ondoan (Orreaga etorbidea) elkartzeko deia egiten dugu, 13:00etan. Bertan oroitzapen, salaketa eta aldarrikapenerako ekitaldi xumea eginen dugu. Arratsaldean, zezenketa bukatu ondoren, ohikoa denez, Peñak isiltasunean aterako dira zezen plazatik eta musikarik gabeko kalejira eginen dute “Gogoan” monumentu berritik pasatu eta Germanen hilarriaren ondoan bukatzeko.