Zinema: Inpunitatearen aurkako irudiak 2

Zinema: Inpunitatearen aurkako irudiak 2
martxoa 13, 2019 No Comments Albisteak,Deialdiak ekimena

Heldu den astean, martxoaren 20, 21 eta 22an, sanfermines 78 gogoan! ekimenak “Inpunitatearen aurkako irudiak II” izeneko zinema zikloa antolatuko du.

Joan den urtean beste zinema ziklo bat gauzatu genuen, populazioaren aurkako eraso larriak eragin zituzten zenbait polizia jardun ardatz harturik. Aurten, hiru proiekzioren bitartez, hiru gai azaleratu nahi ditugu: COPELen inguruan antolaturiko preso sozialen borroka, diktadura frankistak 1975ean gauzaturiko azken fusilamenduak eta sexu-disidentzia.

Martxoaren 20an, asteazkenarekin, “Copel. Una historia de rebeldía y dignidad” proiektatuko dugu. COPEL koordinadoran (Coordinadora de Presos En Lucha) partaide izandako preso sozial ohi batzuek bultzaturiko proiektua da, egia bat argitzea, berea deuseztatua ikusi zuten haiei guztiei ahotsa ematea xede dituena. Dokumentala historia kolektibo baten kontakizuna da eta bertan barnetik bizi izan zutenen esperientzia pertsonalak biltzen dira, kanpoan oraindik isilaraziak jarraitzen baitute. Antolakunde horizontal eta asanbleario horren historiaren berri ematen digu, ahots protagonista aunitzek kontatuta. Pepe Uruñuelak bideratuko du solasaldia.

Martxoaren 21ean, ostegunarekin, Adolfo Dufour-ek zuzendutako filma, “Septiembre de 75” izenekoa, izanen dugu. Film dokumentala da, gerra-kontseilu sumarisimoak ardatz dituena, haien ondorioz frankismoaren azken fusilamenduak gertatu baitziren, filmari izena ematen dion hilean. Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz FRAPeko militanteen eta Juan Paredes Manot (Txiki) eta Ángel Otaegui ETAko militanteen fusilamenduak, hain zuzen. Estatu eta nazioarteko protesta eta mobilizazioak indartsuak izan ziren arren, ezin izan zuten fusilamenduak saihestu. Filmaren proiekzioan Adolfo Dufour bere zuzendaria egonen da gurekin.

Azkenik, martxoaren 22an, ostiralarekin, “Ocaña, la memoria del sol” izanen dugu. Dokumentalak José Pérez Ocaña pintorearen bizitza eta obra ditu oinarri, hark Bartzelona irauli baitzuen trantsizio espainiarraren garaian. Haren nortasunaren zenbait alderdiri ekin dio filmak: direla ama birjin andaluziarren koadroak, dela pertsona homosexualen eskubideekin zuen konpromisoa. Bertan, solasaldian, Xabier Sánchez Kattalingorri taldeko partaidea izanen dugu gurekin.

Proiekzio guztiak Golem Yamaguchi zinema aretoetan izanen dira, arratsaldeko 20:00etan. Sarrera 3 euroan.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude