2023ko uztailak 8

2023ko uztailak 8
uztaila 9, 2023 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

HITZAK ETA SOINUAK INPUNITATEAREN AURKA

1978ko sanferminetan Iruñeko populazioaren aurka gauzatutako eraso polizial kriminaletik dagoeneko 45 urte iragan direlarik, gaur, German Rodriguezen eta Joseba Barandiaranen erailketak gogoratu nahi ditugu modu berezian.

Gertaera haiei buruz isilarazitako eta ezabatutako memoriak hastapenetik erantzun sozial zabala izan du. Krimen haren lekuko izan ziren milaka pertsonak transmititu dute, bakoitzak bere erara, gertaeraren gaineko egia eta eraso harengatiko justizia eta ordaina galdegin dituzte.

Haien artean, musikaren munduari lotuta gauden pertsonek eta taldeek (bertsolariak, jotariak, txarangak, musika taldeak, kantautoreak, txistulariak, abesbatzak…) gure abesti eta bertsoetan bildu dugu gertatutakoaren oroitzapena eta gure musikarekin lagun izan gara erailketa hura salatu duten jarduera eta mobilizazioetan.

45 inpunitate urte daramatzagu gertaera haien erantzuleekiko (Estatu espainiarra, Barne ministerioa, Martin Villa…) eta beste horrenbeste urte konplizitate judizialarenak. Horregatik da horren beharrezkoa gure ahaleginak handitzea eremu sozial guztietan, gertatutakoari buruzko egia berreskuratzeko eta ukatutako justizia eta ordaina erdiesteko bideak ireki daitezen.

Ezabatutako memoria berreskuratzea eta gertatutakoari buruzko egia transmititzea ekin beharreko eginkizuna da esparru sozial guztietan: ikastetxe eta unibertsitatean, komunikabideetan, literaturan, arte plastikoetan, ikus-en tzunezko sorkuntzan, kultur jardueran, elkarte eta peñetan, gizarte kolektiboetan… Nork bere eremuan, bere aletxoa paratuta.

Gure aldetik, gure kantu eta bertsoak, gure txistu, gitarra, gaita eta saxofoien erritmo eta akordeak lau haizetara zabaltzen jarraituko dugu. Musika egia, justizia eta ordaina galdegiteko tresna bilakatzen jarraituko dugu. Aditu nahi ez dutenen gorreria hautsiz. Gaizki jositako zauriak irekiz. Erakundeak interpelatuz. Diskurtsoa eguneratuz, belaunaldi berriei iristeko. Ezarritako isiltasunaren eta inpunitatearen arrakalak zabalduz.

Denon artean lortu ahalko dugu.

GERMAN, JOSEBA, GOGOAN ZAITUZTEGU!

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude