MARTIN VILLAREN AUZIPETZEA ETENIK GELDITU DA BAINA INPUTATURIK JARRAITZEN DU GIZATERIAREN AURKAKO KRIMENENGATIK

MARTIN VILLAREN AUZIPETZEA ETENIK GELDITU DA BAINA INPUTATURIK JARRAITZEN DU GIZATERIAREN AURKAKO KRIMENENGATIK
abendua 24, 2021 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Argentinako Krimen eta Zentzate Ganbara Federalak, 2021eko abenduaren 23an, Ebazpena eman du eta bertan meritu falta dekretatu du Rodolfo Martin Villaren auzipetze eta largesteari dagokionez.

Meritu faltak erran nahi du Servini epailea buru duen Auzitegiak ikerketan sakondu egin behar duela Rodolfo Martin Villa geroago auzipetzeko. Hau da, ikerketako bidezko eginbideak egiten segitu behar duela auzipetuak salatutako egitateetan duen erantzukizuna modu sendoagoan frogatzeko.

Argentinako Krimen eta Zentzate Ganbara Federalak emandako ebazpena kasazioan errekurritu daiteke hamar eguneko epean, eta gure talde juridikoa ari da aztertzen ebazpenaren edukia eta bideragarritasuna, errekurtsoa paratzeari dagokionez.

Nolanahi ere, Sanfermines 78: gogoan! Ekimenak eta CEAQUAn (Kereila Argentinarra Sustengatzeko Estatuko Koordinadora) parte hartzen dugun talde guztiok adierazi nahi dugu gure desadostasuna emandako Ebazpenaren edukiarekin, kausa izapidetzean, inolako zalantzarik gabe, frogatu baita Rodolfo Martin Villaren egiletza mediata gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan larriagotutako giza hilketetan, salaketaren xede izan ziren horietan, eta horregatik auzipeturik izan zen.

Baina, Ganbarak, Martin Villaren auzipetzeari dagokionez, meritu falta ezarri duen bezainbatean, kausaren artxibatze eta largesteari dagokionez ere ezarri du, Martin Villak berak adierazi zuen bezala bere apelazioko errekurtsoan. Horrek adierazten du, zalantza izpirik gabe, kereila argentinarrean inputaturik segituko duela. Hortaz, ate guztiek zabalik jarraitzen dute María de Servini epaileak, bere tenorean, egindako auzipetzea berresteari begira. Martin Villak arrazoi serioak ditu kezkaturik egoteko.

Hori dela eta, Sanfermines 78: gogoan! Ekimenak eta CEAQUAn gauden taldeok kereila argentinarra sustatzen segituko dugu, bertan lanean, krimen eta kriminal frankistak zigor gabe geldi ez daitezen, Krimen Ganbararen Ebazpena baliogabeturik gera dadin.

Iruñean, 2021eko abenduaren 24an

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude