Azkenean justizia 1978ko sanferminetako gertaerendako!

Azkenean justizia 1978ko sanferminetako gertaerendako!
urria 21, 2021 No Comments Berriak,Deialdiak,Iritzia ekimena

Argentinako kriminal eta zentzate arloko 1. Epaitegi Federalak, María Romilda Servini de Cubría buru duela, Rodolfo Martin Villa auzipetzea erabaki du, penalki homizidio delitu larriagotuaren erantzule-egiletzat hartzen baitu, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan, gutxienez ere lau hilketatan (Pedro María Martínez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen gertatutakoak eta Germán Rodríguez Saiz, 1978ko uztailaren 8an, Iruñean jazoa). Orobat, beste zortzi erailketarendako ikerketa irekita utzi du eta Espainiako epaitegiei informazio gehiago eskatu die.

Auzipetzearen albisteak poztasunez bete gaitu. Izan ere, hamaika urtetako ahalegina izan da, Estatu espainiarrak, une oro, paratu dituen oztopo eta zangotraben aurka. Lan honetan zenbait talde, elkarte, sindikatu, udal, alderdi politikoren laguntza izan dugu, bai eta Nafarroako Parlamentuarena ere, baina, batez ere, “kereila argentinarra” deiturikoan sinetsi duten hainbat gizabanakorena.

Gure kasuan, 1978ko sanferminetan, poliziek gauzaturiko eraso izugarri haren karira justizia lortzeko ahalegina, duela berrogeita hiru urte hasi zen. Une honetan pentsaezina da Iruñeko peñek denboran zehar egindako lana ez aipatzea. Gertaerak argitzeko hiriko batzordean hartu zuten parte, lekukotasunak bildu zituzten, dosierrak egin zituzten. Are, auzipetze honetarako oinarri duen kereila argentinarrean esku hartu duten herritarren entitateetako bat izan da Peñen Federazioa, gure elkarte eta zenbait biktimarekin batera Argentinara joan baitziren lekukotza ematera.

Urte hauetan milaka pertsonak bizirik mantendu dute gertaera haien oroitzapena. Ebazpen judizial hau da horien guztien ahalegin eta burugogorkeriaren emaitza, erailketa horretarako justizia aldarrikatzen ez baitute etsi.

Igor dezagun aitzinetik gure esker ona, uste baitugu garaipen hau jendarte nafar borrokalariarena dela, 1978ko uztailaren 8an gauzaturiko erasoaren inguruko Egia erdiesteaz gain, Justizia ere lortzen tematu denarena. Izan ere, Fabian Salvioli Nazio Batuen errelatoreak bezala, haiek ere uste baitute Egia, Justizia, Ordaina eta ez errepikatzeko Bermeak direla mahai bereko lau hankak, eta bertan bat falta bada mahaia eroriko litzateke.

Garaipen eta poztasun une honetan, nola ez, bidelagun izan ditugun eta, zoritxarrez, momentu hauetan ez dauden pertsonak oroitu nahi ditugu. Antonio Salinas “Maderoren” falta sentitzen dugu, bai eta gurekin borrokan egon diren eta lorpen hau disfrutatu ez dezaketen lagunena ere.

Izan ere, Auto judizial honek bertute batzuk ditu. Alde batetik, Trantsizio espainiarraren goitik beherako pertsonaia bat aulkian eserarazten duelako, eta trantsizioa erregimen frankistaren egiturak eta haren errepresio politikak iraunarazi zituen etapatzat jotzen duelako. Erailketak, torturak, gerra zikina, desagertzeak, ustelkeria, espetxeratzeak…. izan ziren eta jarduketa horiei guztiei erabateko inpunitatea bermatu zitzaien.

Orobat, auzitegi espainiarrendako zigorrada da, haiek, behin eta berriz, biktimei Justiziarako duten eskubidea ukatu dietelako, inpunitate- horma bat zurkaiztuz eta Giza Eskubideei buruzko legedia aplikatzeari uko eginez, nahiz eta jakin horren gainetik ez dela Amnistiari buruzko Legea paratzerik, ez eta gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan gauzaturiko delituen preskripzioa agintzerik ere.

Auto judiziala garaipen bat da, bai eta puntu eta jarrai bat ere. Aitzinetik dugu Estatu espainiarreko sistema judizialean egin beharreko borroka guztia. Auzitegi espainiarrak interpelatzen eta, orain arte, ukatu diguten Justizia hori eskatzen jarraitu behar dugu, posible dela egiaztatu baita.

Halaber, Auto hau ikusita, alderdi politikoei hausnarketa eskatu behar diegu, Gorte espainiarretan eztabaidatzen ari den Memoria Demokratikoaren Legean eragina izanen duena. Aurkeztutako proiektuak ez du bermatzen Justizia Unibertsalaren printzipioen aplikazioa, ezta biktimek Justizia erdiesteko duten eskubidea ere. Amnistiari buruzko Legea mantentzen tematzea itxi gabe denbora gehiegi daramakien etapa gainditzeko oztopoa da, gainditze hori Egia, Justizia eta Ordaina benetan erdiestea bermatuko duen Memoria Integralaren politika batekin bakarrik lortuko baita.

Hauxe da aitzinean dugun erronka. Gaur, ebazpen judizial honekin indartsuago gaude eta aurre egiteko euste-puntu gehiago ditugu.

Sinatzen dute: Xabier Barber, Helena Bengoetxea, Ramón Contreras, Sabino Cuadra, Josu Chueca, Xabier Diaz, Miren Egaña, Odei García de Acilu, Aitor Garjón, Mikel Jurico, Amaia Kowasch, Rubén Marcilla, Fermín Rodríguez, Patxi Urrutia, Mentxu Velasco, Piru Zabalza, Begoña Zabala, Presen Zubillaga.

Sanfermines 78: Gogoan, herri ekimeneko partaideak

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude