43 urte justiziarik gabe
43 urte justiziarik gabe
Jada 43 urte dira justiziarik gabe 1978ko sanferminetako gertaerengatik. Eta, urtez urte, segitzen dugu Germanen oroimenezko hilarri honen inguruan biltzen. Aurten, gainera, 16 elkarteen sostenguarekin.
Frogatzen ari gara Memoria betekizun soziala dela. Zauriak ez daudela itxita eta tratamendua emateko modu bakarra dela Egia, Justizia eta Ordaina aldarrikapenak aintzat hartzea.
Gobernu espainiarrak Memoria Demokratikoari buruzko Legearen aurreproiektua berriki aurkeztu du. Horrek erran nahi du ezen, Francok kolpe militar kriminala eman zuenetik, haren ondoko diktadura erailetik eta erregimenaren funtsa bizirik irautea ahalbidetu zuen trantsizio iruzurtitik horrenbeste urte pasatu ondoren, demokrazia eta askatasunaren alde borrokatu zirenen memoria mindu eta ezkutatua berreskuratu gabe, duindu gabe eta hari justizia egin gabe segitzen dutela oraindik.
Memoriaren inguruko elkarteak eta erakunde sozial zein sindikalak batu dira galdatzeko Memoriari buruzko lege horrek bermatu dezan Giza Eskubideen nazioarteko erakundeek Estatu espainiarrari egin dizkioten oharpenak goitik behera betetzea. Besteak beste, ondoko hauek: Amnistiari buruzko 1977ko legea indargabetzea eta Nazioarteko Zuzenbideak eta Justizia Unibertsalak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenei buruz ezarri dituzten printzipioak aplikatzea, haiendako preskripziorik ez dagoenez, epaituak izan behar dutelako.
Orobat, Sekretu ofizialei buruzko indarreko legea, 1968koa baita, premiaz aldatzea eta indargabetzea, dauden artxiboetara libreki sartzea bermatuz, hori delako Egia eskuratzeko oinarrizko urratsa.
Bestalde, badira, erakundeetatik edo beren inguruetatik, ahanzturaren benetako antolatzaile gisa aritzen direnak. Eta adibiderik hurbilena dugu Navarra Sumaren udal gobernuak, eman nahi izan duen ustekabeko kolpea, Los Caidos eraikina oso osorik mantentzeko, hura den arren Nafarroan kolpistek gauzaturiko krimenen inpunitatearen berezko ikurra.
Horregatik gaude hemen eta horrela jarraituko dugu gure helburuek bete gabe dirauten bitartean. Oraina, eta askoz ere gutxiago, etorkizuna, ezin baitira eraiki zigorgabetasuna oinarri duen iraganaren gainean.
German, Joseba, gogoan zaituztegu!