Berriro ere badugu plaka

Berriro ere badugu plaka
iraila 28, 2019 Iruzkinak desaktibatuta daude Berriro ere badugu plaka sarreran Albisteak,Berriak ekimena

Behin, bi, hiru, lau aldiz hautsi, dinamitatu, lapurtu eta pintatu zuten Germanen hilarria eta beste horrenbeste aldiz birjarri eta garbitu genuen. Eta orain hor dirau, zutik eta tente, inork menderatu ezin izan duela.

Hilabete eskas batean, behin, bi, hiru aldiz lapurtu dute Gogoan eskultura honen plaka; hautsi eta lapurtu dute paratutako behin behineko kartela eta beste horrenbeste aldiz paratu dugu berriro.

1978ko uztailaren 8 hartan gure hiriak jasandako poliziaren eraso kriminalaren oroitzapena eta salaketa nahi dituzte ezabatu. Ez da zaila sumatzea nortzuk dauden honen guztiaren atzean. 36ko kuneteroen oinordekoak dira, frankismoko berrogei urteetakoak, sanfermin haietako “hil behar baduzue, axolarik ez” haren ondokoak. Germanen hilarriak eta Gogoan eskulturak bere hatz akusatzaileaz haiek seinalatzen jarraitzen dute. Horregatik nahi dituzte gure hiritik eta herritik oroitzapen horiek errotik atera. Baina ez dute lortuko, ez baitugu inoiz amore emanen.

Biziki eskertzen zaituztegu hemen egoteaz, horrek erran nahi baitu gertaera haien gaineko memoriak eta salaketak bizirik segitzen dutela. Halaber, eta 1978ko sanfermin txikietan gertatu zen bezala, desiratzen dizuegu besta hauetaz denak emanda gozatu dezazuela.

Azkenik, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari eskerrak ematen dizkiogu zeren eta, bere eginbeharrari jarraikiz, plaka berri bat jarri baitu, Germanen hilarrikoaren antzekoa. Espero dugu gertatutakoaren ezer berriro ez jazotzea.

This image has an empty alt attribute; its file name is Cartel-plaka-returns_w4-1024x576.jpg
About The Author