“Martín Villa epaitu” kanpainaren aurkezpena

“Martín Villa epaitu” kanpainaren aurkezpena
otsaila 1, 2019 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Agiria
MARTÍN VILLA EPAITU

Estatu espainiarraren inpunitate politika, diktadura frankistan eta trantsizio politiko deiturikoan gauzaturiko gizateriaren aurkako krimenen ikerketa eta auzipetze ezari dagokionez, gaur egungo arazoa da, gizartean eta gutxieneko estandar demokratikoak bete nahi dituen Estatu ororen oinarrizko zimenduetan eragina duena.

Frankismoarekin haustura eskatzen zuen langile, auzoko, kultur mugimendu indartsua, mugimendu abertzalea eta feminista, berrogei urtetan barna gauzaturiko krimenengatik erantzukizunak eskatzen zituena eta eskubide eta askatasunen alde borrokan ari zena, erabat desitxuratu du irudi ofizialak, zeina trantsizio eredugarri eta baketsuaz, gizonezko burutsuek (Erregea, Suárez, González, Fraga, Carrillo…) egindako negoziazioez, itun eta adostasunez mintzo baitzen.

Oposizio indarrak bere eskakizunak alde batera utzi eta Suarezen Gobernuak eskainitako erreforma onartzera behartzeko, boterean zegoen frankismoak, Trantsizio garaian bere errepresio aparatu guztia, giza eskubideak eta askatasun demokratikoak urratu zituena, mantendu eta erabili zuen. Horrekin bat, Amnistiari buruzko 1977ko Legeak genozidio frankistaren erantzule guztiei inpunitatea eman zien.

Rodolfo Martín Villa prozesu horren eta bere politika errepresiboaren egile nagusietako bat izan zen. Estatu frankistaren aparatutik zetorren, bertan SEUko buru nazional, sindikatu bertikaleko idazkari eta Bartzelonako gobernari zibil izan baitzen. Gero, Trantsizioan zehar, Arias Navarroren gobernuarekin Harreman sindikaletarako ministro eta, ondoren, Suarezen gobernuarekin Barne ministro izan zen.

Haren agintepean estatu politika errepresibo eta odoltsua gauzatu zuen, esaterako Gasteizen, amnistiaren aldeko astean, sanferminetan, Scala kasuan… gauzaturiko krimen larriak, edota Estatu espainiar osoan zehar izandako manifestazioetan gertaturikoak: Madril, Malaga, Tenerife, Alacant, Bartzelona.… Horren ondorioz, Argentinako auzitegiek inputatu dute gizateriaren aurkako krimenengatik. Baina hori ez da aski. Estatu espainiarreko auzitegiek ere epaitu behar dituzte haren erantzukizunak, bere agintepean, lurralde horretan gauzatu baitziren arestian aipaturiko krimenak.

Martín Villa, gainera, ate birakariaren politikaren adibiderik onenetakoa dugu, hari esker goi mailako kargudun frankistak IBEX-35ko enpresari nabarmenak izatera iragan baitira. Martin Villaren kasuan, Endesa eta Sogecableko burua izan da, eta, gainera, SAREB bankuen krisialdian sorturiko “banku txarraren” kontseilaria.

Estatu osoan sare moduan eraturiko ekimen honek aurreko guztia salatzeko asmoa du, bai eta urte haietan izandako eginkizunengatik Martin Villarentzat erantzukizun zibil, politiko eta penalak eskatzeko ere. Horretarako, Agiri honekin bat egiten duten mota guztietako ekimenak (herritarren sentsibilizazioa, salaketa politikoa, eskakizun instituzionalak eta zigor jarduerak) bulkatuko ditu.

MARTÍN VILLA EPAITU
ekimena

CastellanoCataláGalego

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude