Sanfermines 78 gogoan! ekimenak bere egiten du Iruñeko balkoietan paraturiko pankarten inguruko erantzukizun osoa eta irekitako eginbideak geldiarazteko galdatu

Sanfermines 78 gogoan! ekimenak bere egiten du Iruñeko balkoietan paraturiko pankarten inguruko erantzukizun osoa eta irekitako eginbideak geldiarazteko galdatu
uztaila 18, 2018 No Comments Albisteak,Berriak ekimena

Sanfermines 78 gogoan! ekimenak bere egiten du Iruñeko balkoietan paraturiko pankarten inguruko erantzukizun osoa eta irekitako eginbideak geldiarazteko galdatu

Sanfermines 78 gogoan! ekimeneko ordezkariek, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, bere egin dute Iruñean, sanferminetan, hainbat etxebizitzatan paratutako pankarten erantzukizuna. Orobat, etxebizitzetako nagusiei “Estatuaren aurkako kalumniagatik” irekitako eginbideak geldiarazteko galdatu dute, adierazpen askatasunaren aurkako atentatutzat harturik.

Presen Zubillagak, Sanfermines 78 gogoan! ekimeneko kideak, oroitarazi du pankarta horiek guztiek kolektiboaren logoa nabarmenki agertzen zutela eta “Sanfermines 78 gogoan! ekimenak bere egiten duela, bere gain hartzen duela ehuneko ehunean, pankarta horien diseinu, gauzatze eta paratzeari dagokien guztia. Hortaz, ez du inolako zentzurik beste edozeini erantzukizuna leporatzea haien balkoi eta etxebizitzetan pankartak jarri izanagatik”.

Era berean azaldu du pankarten ekimena urte osoan zehar, gertakarien 40. urtemugan, gauzatutako kanpainaren bukaeraren parte zela. Kanpainaren goiburua “INPUNITATEARI STOP IMPUNIDAD” izan da eta sostengu ugari jaso ditu maila sozial zein instituzionalean. “Gure helburua 1978ko sanferminetan nozitutako eraso polizialaren egia argitara ekartzea izan da. Erasoak ehunka zauritu –haietarik hamaika balaz– eta tiro polizialek hildako bi lagun eragin zituen (horietako bat Donostian) eta hiria suntsitua utzi zuen”, gogoratu du Zubillagak, “eta orduz geroztik, 40 urte hauetan ‘ESTATU KRIMENTZAT’ hartu ditugu gertaera haiek”. Ildo horretan gogora ekarri du Iruñeko Udalean Egiaren Batzorde bat sortu izana eta gertakariekin loturiko dokumentuen desklasifikazioa behin eta berriro eskatu izana.

Eraso haren ikerketari dagokionez Espainiako Poliziaren jarduna argiki oztopatzaile eta haren erantzuleekiko babesle izan den bitartean, gaur den egunean, eginbideak irekitzeari ekin diola zigorgabetasuneko 40 urte salatzen dutenen aurka, erakundeen kontrako ustezko irain delitu batengatik” salatu du Zubillagak. “Laburbilduz, delitu egin zutenak babesten jarraitzen dute, eta ez hori bakarrik; orain, krimen hura salatzen dutenak jazartzen dituzte”.

Bere aldetik, Sabino Cuadrak azpimarratu du Poliziaren eginbideak eta Gobernuaren Ordezkariak eman dizkien sostengua “gainera, adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria dela”. Madrilgo gobernuak erakutsitako jarrera ere aipatu du: “harritu egiten gaitu PPren aurreko Gobernuak sustaturiko inboluzio ez-demokratikoaren aurka azaldu bazen ere (Mozal Lege eta Zigor Kodearen erreforma), PSOEk ez duela zalantzarik izan aplikatzeko, kasu honetan neurriz kanpo aplikatuz”.

Orobat, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak bidalitako prentsa oharra aipatu du Cuadrak, bertan “Germanen erailketaz” hitz egiten baita, hitzez hitz. Honakoa adierazi du: “erailketa izan bazen, nor izan zen eraile? Nork edo nondik planifikatu zuen/zen eraso hura? Gobernuaren Ordezkariak galdera hauek erantzun beharko lituzke eta gertaera horiei buruzko dokumentazio ezkutua desklasifikatu, zigorgabetasuna eta gertaera haien izaera kriminala salatzen dituztenak jazarri beharrean”.

Sanfermines 78 gogoan! ekimenak Poliziari eta Gobernuaren Ordezkaritzari galdatu die irekitako eginbideak geldiarazi eta artxiba ditzaten, eta, aurrekoa gertatu ezean, “kanpaina bat, irmoa, masiboa eta sendoa, sustatuko dutela erantsi du, erantzuna emateko”. Bukatzeko, jasotako sostengu eta elkartasuna eskertu dituzte eta oroitarazi dute, hainbat ekimen sozial, politiko instituzional eta judizial sustatuko dituztela, “Nafarroan zein Estatuan eta Europar Batasunean ere, Egia, Justizia eta Ordaina lortzeko”.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude