Inpunitateari STOP impunidad

Inpunitateari STOP impunidad
azaroa 1, 2017 No Comments Dokumentuak ekimena

AGIRIA

Aurki beteko da 1978ko Sanferminen 40. urteurrena. Hamar mila lagun izan ziren eraso polizial basatiaren lekuko zezen plazan. Han, bereizi gabe, benetako tiroak bota zituzten harmailetan zegoen jendearen aurka. Geroago, karriketan, Germán Rodríguez gaztea erail zuten polizien balek. “Disparar con todas vuestras energías. No os importe matar” erran zuten poliziaren irratitik. Aginduak gogotik bete ziren. Hiria suntsitua gelditu zen. Bestak, lehertuak.

Bai Iruñea hiriko Batzorde ikertzaileak bai Peñen Batzordeak baieztatu zuten gertatutakoa ez zela ustekabean suertatu, aurrez aldetik pentsatua izan zela, ordea, eta haren erantzunkizuna UCDren Gobernuari zegokiola. Horrekin guztiarekin adostasuna azaldu zuten, salbuespenik gabe, oposizioko alderdi politikoek, sindikatuek, Peñen Batzordeak eta gizarte, auzo eta kultur talde eta kolektibo aunitzek.

Alabaina, ez zen inolako erantzukizun penal, politiko edo zibilik deklaratu. Erasoa jasan zuen inori ez zitzaion egia errekonozitu, ez zitzaion justizia egin, ez eta inolako ordainik eman ere. Gobernuak boikota egin zion ikerketari. Justiziak beste aldera begiratu zuen. Inpunitatea erabatekoa izan zen. Han ez zen deus ere gertatu.

Baina Sanfermin haien oroitzapena ez da inoiz itzali. Urtez urte salatu egin dugu eta orain, 40 urte iraganda, irmotasun handiagoarekin egiten dugu. Horregatik gaur, behean sinatzen dugunok gogorarazten dugu Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunak hor segitzen duela, ase gabe, eta orduko erantzulea UCDren Gobernua izan zela eta, finean, Estatua.

Hori dela eta, bi deiera egin nahi ditugu. Lehenik eta behin, herritarrei eta haien talde sozial eta politiko guztiei, bakoitzak bere eremuan, botereak ezkutatu nahi izan duen eraso hiltzaile haren egia azalarazi dezan. 40. urteurrenak oihu itzela izan behar du Estatuari galdatzeko gertaera haietan izaniko erantzukizun zuzena onar dezan.

Bigarrenik, gure erakundeengana –Iruñeko Udala, Foru Parlamentua eta Gobernua– jo nahi dugu, haiek urrats sendoak eman ditzaten Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunak, orain arte ukatuak, gauzatuak izan daitezen.

Gauzak horrela, Egiaren Batzorde bat sortzea galdatzen dugu, gertaera haien eta beren eragileen gainean irizpena eman dezan, bai eta aurrekotik etor litezkeen erantzukizunen gainean ere. Orobat, erakundeetan SF-78ko gertaeretako biktimei aitortza ofiziala eman dakien eta aurrekotik heldu litezkeen erreparazio neurri guztiak har daitezen.

Gure aldetik, adierazten dugu lan egiteko eta laguntzeko dugun konpromisoa helburu hauekin planteatzen diren herritarren ekimen guztiei dagokienez.

SANFERMINES 78 GOGOAN!

ATXIKIMENDUAK

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude