1978ko sanferminetako gertaerak argitzeko udalaren Egiaren Batzordea

1978ko sanferminetako gertaerak argitzeko udalaren Egiaren Batzordea
azaroa 10, 2017 No Comments Albisteak,Iritzia ekimena

Joan den azaroaren 2an, Iruñeko Udalak Sanfermines 78:gogoan! Herri ekimenak aurkeztutako mozio bat onetsi zuen. Bertan, beste lau punturekin batera honako konpromisoa hartu zuen: 2017 bukatu baino lehenago, bidezkotzat jotzen diren ekintzak hastea memoria historikoaren arloan entzute akademiko eta juridiko handiko pertsonek 1978ko sanferminetan hiri honetan eragindako gertaeren prozesua abia dezaten, Egia, Justizia eta Ordainean oinarritua, eta 2018ko uztaila baino lehen, txosten bat presta dezaten, besta haietan, giza eskubideei dagokienez, izandako urraketak eta haietatik eratorritako erantzukizunak zehazteko.

Horrela, Udalbatzak beste urratsa eman du memoria bizi eta demokratikoaren eremuan, 2013ko maiatzean Kereila Argentinarrari atxikimendua adierazi ondoren eta 2017ko martxoan Iruñeko epaitegietan berezko kereila bat aurkeztu ondoren, azken hori 1936ko estatu kolpearen aldekoek eta ondoko diktadurak hiri honetako pertsonen aurka eragindako erailketengatik. Estatuko lehendabiziko udala izan zen eta bidea erakutsi zien jarraiki zitzaizkion beste udal batzuei, hala nola, Zaragoza, Gasteiz, Bartzelona, Durango… eta, berriki, Madril.

Orain garrantzi handiko udal prozesu formala abiatu du: adituen talde bat sortzea, modu independente eta profesionalean, 1978ko sanferminetako gertaera tragiko haien protagonista eta lekuko izan zirenen testigantzak eta agiriak bilduko dituena. Helburua da txosten bat prestatzea nazioartean itzultze, konpentsazio eta birgaitze eskubideari buruz dagoen araudiaren premisen arabera, bertan giza eskubideak eta biktimen memoria, bai eta osotara erasoa izan zen hiriarena ere, errebindikatuta.

Horrekin, Udalak jarrera hartu du, planto egin eta ozen, garbi eta tinko aski da! erratea erabaki duten herritar askorekin batera; berrogei urteotan nagusi izan den isiltasun eta inpunitatearekin hautsi behar delako; egia, justizia eta ordaina gauzatu gabe ezin baita bizikidetza demokratikorik eraiki. Ekimen hau sostengatu eta bertako partaide diren laurogeita hamar talde baino gehiagok ere (sozialak, sindikalak, kulturala, auzokoetakoak, enpresa batzordeak, peñak eta memoria historikokoak) horrela adierazi dute.

1978ko uztailaren 8ko gertaerei buruzko Egiaren Batzordea sortzea herritarren eta Udalaren arteko lotura da. Afera publikoetan parte hartzeko eskubidea eta udal autonomia bateratzen dituen formula da, oinarrizko eskubide funtsezko hori bermatu eta gordetzen duen antolakuntzaz hornitze aldera.

Aditu talde horren lana mugatua da denboran: 2017. urtea bukatu baino lehen eratu behar da eta 2018ko uztailaren 8a baino lehen bukatu. Gertaera haiek bizi izan zituzten pertsonen testigantzak izanen dituzte eta azken irizpena Udalak, osoko bilkuran, onetsi beharko du. Bildutako dokumentazio osoa zein sortutako testigantzak Udal artxiboan utziko dira eta haren ondorioak bidezkotzat jotzen diren nazioarteko eta estatuko erakunde eta estamentu orotara helaraziko.

Ez da lehen aldia hiri honetako Udalak mota honetako jardun bat onesten duela. 1978an bertan, peña, diputatu eta senatari, alderdi politiko, sindikatu, auzo elkarteekin batera parte hartu zuen Hiriaren Batzorde Ikertzailea deitu zen hartan. Non dago bildutako dokumentazioa, non daude testigantzak? Norbaitek desagerrarazi ditu. Era berean, dokumentazio ofizial osoa, bai orduko Gobernu Zibilarena, Barne Ministerioarena bai ireki eta inor auzipeturik izan gabe itxi ziren sumario judizialena ezkuturik ezkutuenean daude, eta iritsiezinak, noski.

Udal erabakia, herritarren ekimenekin batera, ezarritako isiltasunaz hiri honekin dagoen zorra kitatzeko aitzin urratsa da.

Amaia Kowasch Velasco, Fermín Rodríguez Sáinz, Ramón Contreras López
Miembros de la Iniciativa Popular Sanfermines 78:Gogoan! Herri ekimena

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude