Sanfermines 78: itxaropenerako garaiak

Sanfermines 78: itxaropenerako garaiak
uztaila 2, 2015 No Comments Albisteak,Berriak,Iritzia ekimena

Hilabete pasatxo iragan da, ez besterik, maiatzeko 24ko hauteskundeen ondoren udal berriak eratu zirenetik eta, maila politikoan, alde guztietatik, aurrera pausuak izan dira. Herri sektoreetan dagoen sentsazioa da “gure garaia heldu dela, foru korralitoak ebatsitako boterea berreskuratzeko garaia heldu zaigula”. 1978ko sanferminei dagokienez aldaketa sumatzen den hainbat gai plazaratzen saiatuko gara.

Berriki Carlos Slepoy Kereila Argentinarreko abokatuaren bisita izan dugu eta talde parlamentario eta erakunde politiko batzuekin bildu da. Modu batean edo bestean, denek sostengua adierazi diote prozesu judizial horri. Hori pentsaezina izanen zen gure erakundeetako aurreko agintariekin.

En el Parlamento de Navarra 2015-06-23

Argentinako epaitegi batean frankismoaren erailketen aurka hasi den prozesua, bertan Sanfermines-78: Gogoan! ekimena parte izaki, garrantzi handikoa da Gobernua behartu duelako goi kargudun eta torturatzaile frankista batzuen estradizio eskaerei erantzutera. Gainera, prozesu judizial horrek azpimarratu du Estatu Espainiarrean dagoen zigorgabetasuna eskandaluzkotzat jotzen duela nazioarteko testuinguruak. Asko dago ibiltzeko baina, zalantzarik gabe, urrats oro pozgarriak dira eta balioa eta sostengua eman behar zaie.

Frankismoaren erailketen aurkako Kereila Argentinarra justizia prozesu bat baino haratago doa. Kontakizun historikoaren eta memoria kolektiboaren berreskuratzean balio handia du, azken hori Trantsizioak eta Memoria Historikoari buruzko Legeak eremu pribatura eta iraganera zokoratu baitute. Ordaina eta justizia erdiestea funtsezkoa da gaurko egunerako eta etorkizunerako, demokrazia osoa zigorgabetasunarekin bateraezina baita.

Alderdi Popularraren gobernuak frankismoaren biktimak “bigarren mailakotzat” jotzen ditu, ahaztuak dira, beste batzuek dituzten eskubide eta aitorpenarekin alderatuta. Gainera, gaizki deituriko Trantsizioak kalteturiko pertsonak ez dira ezta existitzen ere, frogatzen baitute Trantsizio hori ez zela eredugarria izan, ezta adostasun sozial baten emaitza ere. Aitzitik, erregimen frankistaren oinordekoek ezarritakoa da, eta, horren ondorioz, demokrazia ahul eta babestua suertatu zen, gai sozialak bazter zituen Estatu batekin, argi eta garbi indar ekonomiko eta finantzarioen aldekoa, polizia erakundeak eta erakunde judizialak mantendu zituena eta mespretxuz periferikoak deituriko nazionalitateen eskubideak, errekonozitutako nazionalitate bakarraren, hots, espainiarraren onuran, baztertzen zituen Estatu eredu bat ezarri zuena. Horregatik Trantsizioa errepresio, injustizia eta basakeria handien bitartez nagusitu zen: amnistiaren astea, martxoaren 3ko txikizioa Gasteizen … Eta horren begien bistako adibideetako bat 1978ko sanferminetako gertaerak ditugu.

Con el alcalde de Pamplona 2015-06-23

Txalogarritzat hartzen dugu, normala den ber, Iruñeko alkatea, Udalbatza ordezkatuz, Germanen hilarri ondoan uztailaren 8an eginen dugun ekitaldira bertaratzea. Normala ez zena 36 urte hauek izan dira, horietan guztietan Udalak 1978ko uztaileko gertaerengatiko egia, justizia eta ordaina errebindikazioari bizkarra eman baitio. Urte hauetan guztietan zehar errepikatu dugun bezala, herritar guztien aurka zuzenean gauzaturiko erasoa izan baitzen. Zezen plazako sarrera, egindako tiroak, balaz zauriturikoak plazan bertan eta karriketan, erabilitako ke poteak eta negar gasak, Germán Rodriguezen erailketa, suntsituriko bestak, Donostian, geroago, Joseba Barandiaranen erailketa … ez ziren, ez, ustekabekoak izan, aurrez pentsatutakoak baizik. Garai hartan sortu zen “Iruñeko hiriaren Batzorde Ikertzaileak” horrelakotzat hartu zituen. Batzordean udala, nafar parlamentari batzuk, alderdi politikoak, sindikatu batzuk eta auzokideen zenbait elkarte zeuden. Batzordeak gertatutakoaren erantzukizuna UCDren Gobernuarengan, Martín Villa Barneko ministroarengan, gobernari zibilarengan eta Rubio polizia komisarioarengan ezarri zuen.

Gertaera haiek bere tenorean kalifikatu ziren eta hori berresten dugu, hots, Estatuaren benetako terrorismotzat jotzen ditugu. Eta munta horren handikoak izan ziren non Udalak, inoiz errepikatu ez den erabakia hartu baitzuen: bestak bertan behera uztea. Bada, Estatuaren aparatuek zuzenean eragindako eta herritar guztien aurka eraso egin zuten gertaera horien larriei dagokienez, inoiz ez da aitorpenik, justiziarik, ezta ordainik ere izan. Hori dela kausa, 1978ko sanferminetako gertaerak garrantzi berezikoak dira, izan zuten muntagatik, aurrez pentsatutakoak izateagatik eta kriminalitategatik: “Tiro egin, zuen indar guztiekin. Ez dakizuen hiltzea inporta”, agindu zen polizia emisoretik.

Berriki onetsi den “eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legeak errekonozimendua eta erreparazioa partikularren eremuan kokatzen ditu. Baina, zer gertatzen da biktima hiri oso bat denean? Nola ematen da errekonozimendua Estatuaren erailketa denean eta horren erantzukizuna poliziarena eta Gobernuarena denean? Aurretik pentsatua, Iruñeko herri osoaren aurka, izan zenean, eta oraindik argitu gabe dauden gertaerak badira eta horien inguruko erantzukizunik inork bere gain hartu ez badu?

Bistan da, trataerak singularra behar du eta erakundeen inplikazioak haien muntaren adinakoa izan behar du. Has gaitezen aurtengo uztailaren 8an. Bertan, hurbilen daukagun erakundearen, hots, Udalaren konpromisoa eta inplikazioa ikusgarri izanen dira azken 37 urteotan gauzatzen dugun mobilizazioan, gertaera haiek estaltzeko izan diren ahaztura, isiltasuna, lainoa zulatzeko gauzatu dugun horretan. Estatuak herri honi zapaldutako duintasuna itzultzeko borrokan aritu baikara, bai eta 1978ko sanferminetako gertaerengatiko egia, justizia eta ordaina erdiesteko borrokan ere.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude