Uztailak 8: etengabeko lotsagabekeria

Uztailak 8: etengabeko lotsagabekeria
uztaila 8, 2009 No Comments Albisteak,Iritzia ekimena

Josu Txueka, Piru Zabalza, Presen Zubillaga. Sanfermines 78 gogoan

Duela 31 urtez geroztik, 1978ko sanferminetan eragindako ankerkeria dela kausa, Egia, Justizia eta Ordaina eskatzen ari garenontzat, joan den urtea oso garrantzizkoa izan zen, lortu baikenuen Barcina alkateak Germanen hilarria biltoki ilun batean lurpera ez zezan eta erdietsi baikenuen hilarria bere tokian berriro paratzea.

Ehunka pertsonak bat egin zuten esfortzu horrekin: artista askok utzi zituzten bere artelanak erakusketa bat egiteko; hamaika idazlek bere oroitzapena eta amorrazioa islatu zituzten bere postaletan; zuzenbide arloko laurogei profesional baino gehiagok erailketa harekiko justiziarik eza salatu zuten; haren guztiaren gainean bideo bat egin zen; hainbat txarangak, fanfarrek, txistularik, abesbatzak eta kantarik beren ahotsa eta musika ekarri zituzten. Talde sozial askok eta milaka lagunek hartu zuten parte deitu ziren kontzentrazio, manifestazio eta ekitaldietan.

Ikasturte honetan lanean jarraitu dugu. Erakundeek (Udala, Parlamentua, Gobernua…) erakutsitako pasibotasun konplizea ikusita, urte hasieran, Arartekoari esku-hartzeko eskatu genion, baina emandako erantzuna ezin etsigarriagoa izan zen. Epe arazoak eta eskumenik eza argudiatuz, Arartekoak ardura saihestu zuen. 50 talde baino gehiagok, zuzenbide arloko laurogei profesionalek eta sanfermin haietan balaz zauritutako batzuek sinatu zuten eskaera, baina egia, justizia eta ordaina lortzeko eskakizuna gutxietsia izan zen.

Ekainean, 45 nafar historialarik (irakasleak, ikertzaileak…) adierazpen bat izenpetu dute. Bertan «jazotako gertaerak, gure herriak azken hamarkadetan pairatu dituen eraso larrienetakotzat, zigorrik gabe gelditu dena, gainera» jotzen dute eta baieztatu dute «haren gaineko erantzukizun zuzena Espainiako Poliziari eta, funtsean, orduko UCDren gobernuari dagokiela». Gure erakundeei eskatzen diete «eraso hura aitor dezaten, gure herriaren historiaz egin beharreko edozein jardun ofizialetan sartzearen ondorioetarako» eta «oroimen historiko hurbilari lotuta dauden gai horiek sar daitezen hezkuntza curriculumetan».

Ildo horretan, hilabete honetan Iruñeko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu dugu «Egiaren Batzorde» bat sor dadin, eraso hura ofizialki aitortzeko eta egiaren, justiziaren eta ordainaren alde lan egiteko. Batzordean peñek eta talde sozialek ere parte hartuko lukete. Zoritxarrez, mozioa ez dute onetsi. UPNk, beti bezala, haren kontra jo du. PSNk, bestalde, hilarria bere tokian jarri ondoren, ez du beharrezko jotzen zerbait gehiago egitea, gai honi dagokionez. Arrazoia sinplea da: 1978ko sanferminei buruzko egiak biziki sumintzen ditu pertsona asko, bertan sakontzeak Nafarroako trantsizio politikoaren testuinguruan sakontzea baitakar, eta hori ez zaie, inola ere, interesatzen.

Eusko Legebiltzarrean, 1976ko martxoaren 3an UCDren gobernuko poliziak eragindako langileen triskantzaz aurkeztutako ebazpen bati, gurearen antzekoari, PSEk baiezko botoa eman dio; zergatik Nafarroan ez? Zergatik agertzen da antzeko neurriak hartzearen aurka, modu gogorrean gainera? Malagako Aldundian eta Andaluziako Parlamentuan, poliziak 1977an hil zuen Manuel Garcia Caparros bertako seme kuttun izendatu zuten eta erailketa hura salatu. PSOEk baiezko botoa eman zuen han. Zergatik Iruñean ez? Zergatik egiten dio uko antzeko adierazpen bati?

Trantsizioak Nafarroan bi ezaugarri izan zituen, Estatuko beste inon izan ez zirenak. Lehenik, Foru Hobekuntzaren Oinarriak ez ziren Parlamentuan onetsi, ez ziren negoziazio demokratiko baten emaitza izan. Bi frankistak finkatu zituzten: Amadeo Marcok, Diputazioko azken jauntxoak, eta Martin Villak, Francorekin Mugimenduko goiko kargudun eta orduan barne ministroak. Bigarrenik, Nafarroa erkidego bakarra izan zen non ez baitzen egin erreferendumik Autonomia Estatutua (Foru Hobekuntza) onesteko.

Hainbat aldiz esan da. 1978ko sanferminak estatuko botere faktikoek emandako kolpe bat izan zirela ohartarazteko, gerta zitekeenaz abisua emateko, Nafarroako instituzionalizazioa bide «zuzenetik» ez bazen bideratzen. Kontrolatu gabeko poliziez eta jasotako aginduetan gaizki ulertzeren batez hitz egiten zuen bertsio ofizialetik askoz haratago zihoan.

Ez da harritzekoa orain, UPNk zein PSNk eraso hura ofizialki aitortzeari uko egin izana. Baina ez dugu amore eman behar. Gaur egun memoria historikoa berreskuratzeko bizi dugun mugimendu indartsua pentsaezina zen duela hamarren bat urte. Eta lortutakoa ere, lau haizetara zabaldu gabe. Horregatik ez dugu etsiko. Talde sozial, zuzenbide arloko profesional, historialari, artista, idazle horiekin guztiekin Egia, Justizia eta Ordaian eskatzen jarraituko dugu. Aurten lortzen ez duguna, hurrengorako geldituko zaigu egiteko. Eta, bitartean, gaur bertan, uztailaren 8an, hitzordu bat dugu, 13:00etan, Germanen hilarriaren ondoan, eta beste bat, arratsaldean, zezenketatik ateratzerakoan.

Eutsi goiari!

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude