Nafarroako Arartekoari

Nafarroako Arartekoari
urtarrila 30, 2009 No Comments Dokumentuak ekimena

Gogoan! herri ekimena, zeinetan berrogeita hamar talde sozial, sindikal eta politiko baino gehiagok parte hartu eta laguntzen duten, Iruñean 1978ko uztailean jazo ziren gertaeren oroitzapena berreskuratzeko lanetan ari da. Ekimen honekin bat eginez, joan den ekainean, Zuzenbideko profesional talde batek agiri bat sinatu zuen (kopia erantsi da). Bertan, gertaera larri haiek zirela eta, egia, justizia eta ordaina galdatzeko gizarteak eginiko eskaerari botere publikoek emandako erantzunik ezaren inguruko hausnarketak plazaratu zituzten.

Agiri horretan dauden perspektibetan sakonduz, aitzin urratsa ematen dugu kexa hau Foru Erakundea den Nafarroako Arartekoari aurkeztean. Eta harengana jotzen dugu uste osoa dugulako erakunde horren xedea antolamendu juridikoak herritarrei aitortzen dizkien eskubide subjektibo publikoak bermatzea dela. Horri jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko goi mailako mandataria, zein Parlamentuak legeek babesten dituzten eskubide eta askatasunak defendatzeko eta haien babes maila hobetzeko izendatu baitzuen, apelatzen dugu Administrazioak izandako jokaera arduragabe garbi baten aurrean herria zaindu dezan.

Hala 1978ko uztaileko gertaeretan nola haien ondotik, Foru Komunitateko, Estatuko zein Justiziako erakundeek izandako trataeran, atzematen da interes orokorreko hainbat elementuren urraketa izan dela, besteak beste, gertaera haien argitzerik eza, auzitegiek epaitzeari uko egitea eta gertaerak eragin zituztenen erantzukizunik eza. Honek esan nahi du, beste gauzen artean, epai-prozedura justua izateko eskubidea, Giza Eskubideei buruzko Europako Hitzarmenean jasotakoa, urratzea.

Hogeita hamar urte iragan ondoren, mota guztietako herri erakundeek, sindikatuek, Iruñeko peñek…, hau da, Nafarroako gizartearen zati esanguratsu batek Administrazioaren erantzuna eskatzen segitzen du. Uste dugu Nafarroako Arartekoaren erakundea ez daitekeela gizarte-nahi honetatik kanpo gelditu. Haren esku-hartzea eskatzen dugu beharrezkotzat jotzen baitugu, pertsona haiek bizitzarako, segurtasunerako, bestarako, adierazpen askatasunerako duten eskubidea babestu, defendatu, segurtatzeko eta Nafarroako kolektibitatearen eskubideen babes maila hobetzeko.

Jakina da irekitako epai-prozedurak itxiak izan direla, bakar batek ere gizartearendako erantzun egokirik eman gabe, Hortaz, justifikaturik dagoen kexa bat da hau, Nafarroako Justizia Administrazioak erakutsi duen arduragabekeriari aurre egiten diona. Baina Nafarroako Arartekoaren erakundeak ez du atzera bota behar bere eginkizun eremutik kanpoko gaia izateagatik. Erakundea, legegilearen aginduz (A.F.L.ko 13.1 artikulua), kexaren bideratzaile bihurtzen da eta Ministerio Fiskalera edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira igorri beharko du. Halaber, Foru Legeak gaitzen du, transmisio hori egin aitzin, kexa ukituriko erakunde judizialera, kasu honetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, igortzeko.

Alabaina, ez dugu uste afera honetan Justizia Administrazioa bakarrik inplikaturik dagoenik. Nafarroako Foru Parlamentua eta Iruñeko Udala ere tartean daude sarturik. Ildo honetatik, sintomatikoa suertatzen da bi erakunde hauek, urtetan zehar, gertakari hauetaz iritzirik eman ez izana, beste hainbat erakundek gertaera bertsuen aurrean izandako jardunareren aurkakoa, hain zuzen. Andaluziako administrazioena, adibidez: polizia nazionalak 1977ko abenduaren 4an, Malagan, manifestazio batean parte hartzen ari zelarik, Manuel Jose Garcia Caparros tiroz erail zuen. Beranduago, Erkidegoko Parlamentuak “Andaluziako seme kutuna” izendatu zuen.

Horregatik, orobat Nafarroako Arartekoarengana jotzen dugu dagokion bitartekari eginkizunetan esku har dezan eta Foru Parlamentuari nola Iruñeko Udalari gomenda eta iradoki diezaien gertaera haien inguruko ikerketa batzorde irekiak eratzea eta eraso haiengatik ordain politiko, sozial eta ekonomikoa aurreikusiko lituzketen adierazpen eta neurri administratiboak hartzea komenigarri litzatekeela.

Honengatik guztiarengatik Nafarroako Arartekoarengana jotzen dugu, erailketa bat, balaz zauritutako asko, makatu pila eta besta hautsiak biltzen dituzten arras ezagunak diren eta administrazioen aldetik inolako erantzunik merezi izan ez duten gertaerengatiko kexa hau aurkezteko.

Gure aldetik, berresten dugu Arartekoarekin gogo biziz elkar lanean aritzeko dugun jarrera, 1978ko uztaileko gertaeren inguruan gure eskuetan dauden agiri guztiak (horietako batzuk idazki honi gehitu dizkiogu) eta gertaera haietan zauriturik edo kalteturik izan ziren hainbaten lekukotasun pertsonala haren esanetara jarriz. Eta Erakunde honi, hark bidezko jotzen badu, elkarrizketa pertsonala eskatzen diogu, gai honen inguruan ditugun gogoetak modu zuzenagoan azaltzeko. Orobat eskatzen diogu ikerketa bat ireki dezala eta dagokien administrazioei zuzenduriko ebazpen iradokitzaile eta ohartarazleak eman ditzala, horien bitartez, Parlamentuko Erakunde horrek Iruñean, 1978ko uztailaren 8an gertatu ziren eskubide eta askatasunen urraketez duen irizpidea adieraziz.

About The Author

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude