1978ko uztailaren 8an Sanferminak doluz jantzi ziren, beltzez, espainar poliziaren eskutik hiri honek jasan zuen erasoaren ondorioz. Eraso horretan German Rodriguez hil zen, eta hamarnaka zauritu egon ziren. Ondoren Oreretan, Joseba Barandiaran eraila izan zen eraso hau salatzeagatik.
Garai bereziak ziren, zeren Franco-ren heriotzaren ondoren, jendartearen gehiengoak aldaketa sakon baten gura zuen, diktadurak urteetan ukatu zizkion oinarrizko eskubideak berreskuratzearen alde borroka egiten zuen
Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen zituen pankarta bat, preso politikoentzat Amnistia, zezen plazan atera izana aitzaki bihurtu zuten estamentu ofizialek, botereak alegia, Iruñeako, Nafarroako, Euskal Herriko herritarren aurka eraso bortitz hau egiteko.
Eraso honekin bidali nahi izan zen mezua argia zen: alde batetik jendarteak aldarrikatzen zuen aldaketa sakona ezin zen egia bihurtu, dena ongi lotuta utzi behar zen, batez ere iparraldeko probintzietan, España zatitu ez zedin; bestetik instituzioen kontrolpean ez zegoena ezin zuen iraunkortasunik izan, ezin zuen etorkizunik izan. Aldarrikapen eta ekimen herritarrak erditik kendu behar ziren diktadurarekin erabat apurtzen zela ekiditeko eta herritarren zerbitzura dagoen benetako demokrazia sortzen zela ekiditeko.
Inongo instituziorik ordea ez du onartu hau zela helburua, eta denbora pasa ahala, eraso hau planifikatu gabe, polizia zehatz batzuek eta esperientzia gabeko buru polizial batek eragindako erasoa izan zela saldu nahi izan digute, akats baten moduan.
32 urte ondoren, Iruñea eta Sanferminak berriro ere beltzez jantziko dira jaiak eta herritarrak pairatzen dituzten erasoak salatzeko.
32 urte ondoren, 78ko gertaerak eta German erailketa eragin zuten lerro beretik jarraitzen dute: nafarroako herritarren hitza isilarazten dute eta herri honi autodeterminazio eskubidea ukatzen diote, beti ere Espaina zatituta izan ez dadin.
32 urte ondoren, aldarrikapen oinarrizkoak eta herritarrak orduan bezala jazartuak dira. Audientzia Nazionalean bi peña salatu dituzte ustezko delitu terroristak egiteagatik, beren pankartetan preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapenak sartzeagatik. Jai herrikoiak ere jazartuak izaten dira, estamentu ofizialen kontrolpetik kanpo daudelako.
32 urte ondoren, bertsio ofiziala berdina da, eta erasoa burutu zuten hoien inpunitatea ere berdina da.
Baina 32 urte ondoren, Germanen memoria eta gertaerak argitzeko griña bertan mantentzen dira ere, herritarren oinarrizko eskubideak berreskuratzeko griña bezala edota jai herrikoiak antolatzeko gogoa ere.
Duela gutxi, gobernu britaniarrak onartu du Derry-n duela 38 urte gertatu zena, Bloody Sunday bezala ezagututako gertaerak, ez zirela orduan kontatu ziren bezalakoak. 38 urte ondoren, onartu behar izan du orduko bertsio ofiziala gezurra galanta izan zela. Hemen ordea, Iruñeako Udalak ez du onartu ezta egiaren batzorde baten inguruan eztabaidatzea ere, gertatutako argitzeko.
Baina denborak bakoitza bere tokian jartzen du, eta hemen ere, Espainar Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Iruñeako Udalak onartu beharko dute zer gertatu zen 1978 uztailan eta eraso bortitz horren zergatiak zeintzuk izan ziren.
IRUÑEKO UDALAREN OSOKO BILKURARI AURKEZTEN DEN MOZIOA
Behean sinatzen dugunok, azken hogeita hamar urtean zehar Iruñeko peñetako presidente izan garenok, bat egin nahi dugu azken urteotan 1978ko Sanferminetan gertatutakoaren inguruan Egia, Justizia eta Ordaina eskatu dituzten Zuzenbidearen hamaika profesional, historialari eta mota guztietako gizarte talde andanarekin.
Gure irudiko, gertaera haiek gure herriak azken hamarkadetan jasan dituen eraso larrienetakoak izan dira, zigorrik gabe gelditu direnak. Haien gaineko erantzukizun zuzena Polizia Nazionalari dagokio eta, azken batean, orduko UCDren gobernuari.
Alta, isiltasun geruzak estali ditu gertakari horiek eta erakundeek ez dute inolako urratsik eman haien inguruko EGIA berreskuratzeko, haien erantzuleekiko JUSTIZIA eskatzeko eta haien biktimei ORDAINA emateko neurriak hartzeko orduan.
Hori guztia kontuan harturik, ondoko hau galdatzen dugu:
1.- 1978ko Sanferminei buruzko Egiaren Udal Batzorde bat sor dadin, eraso haren aitortza ofiziala lortzeko eta hari dagozkion justizia eta ordaina erdiesteko urrats beharrezkoak emate aldera.
2.- Gertakari haiek gertatu ziren bezala bilduak izan daitezela oro har gure herriaren eta hiriaren historiari eta, zehazki, sanferminei buruz egiten den edozein jarduera ofizialetan (argitalpenak, ekitaldiak…).
Nafarroako 50 historialari 78ko sanferminetako gertaereekiko Egia, justizia eta ordaina eskatzen dituen agiri bat sinatu dute.
AGIRIA
1978ko sanferminetan jazotako gertaerak, gure herriak azken hamarkadetan pairatu dituen eraso larrienetako eta zigorgabetutzat jo ditzakegu, dudarik gabe, eta haren gaineko erantzukizun zuzena Polizia Nazionalari eta, funtsean, orduko UCDren gobernuari dagokie.
Alabaina, isiltasunak estali ditu gertaera haiek eta erakundeek ez dute urratsik eman haien inguruko EGIA berreskuratzeko, erantzuleekiko JUSTIZIA eskatzeko eta biktimekiko ORDAINA lortzeko neurriak hartzeko.
Hori guztia kontuan harturik, idazki hau sinatzen dugunok, Historia arloarekin lotuta gauden hainbat eremutako (irakaskuntza, ikerkuntza…) profesionalek, honako hau eskatzen dugu:
1.- Gure hiriko eta komunitateko erakundeek (Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Foru Parlamentua) eraso hura aitor dezaten, gure herriaren historiaz, orokorrean, eta sanferminez, zehatzago, egin beharreko edozein jardun ofizialetan sartzearen ondorioetarako.
2.- Zehatz mehatz, oroimen historiko hurbilari lotuta dauden gai horiek, sar daitezen dagozkien hezkuntza kurrikulumetan.