Egia, justizia, ordaina

Agiria

SANFERMINES 78: GOGOAN!

Iruñean 1978ko sanferminetan pairaturiko erasoa izan da, inolako zalantzarik gabe, gure herriari azken hamarkadetan emandako kolperik funtsgabeena eta zuzengabekoena. Besta bortxatuak, lehertuak, ehundaka makatu eta zauritu, haietako hainbat balaz eta, azkenik, hildako bat: German Rodriguez Saiz.

Aurreko ezer ez zen txiripaz gertatu. Poliziaren irratia argi izan zen manuak ematerakoan: “Tiro egin, indar guztiz eta ahalik eta gogorren! Hil, hil behar baduzue!”. Zezen plazako sarrera bortitza, hastapenetik egindako benetako tiroak, ondorengo errepresio bereizi gabea, Estatuko aparatuek prestatu zituzten eta poliziak gauzatu zituen. Estatuko erailketa izan zen eta UCDren gobernua erantzule politikoa. 78ko sanferminak konstituzioaren eztabaidaren eta Nafarroa eta Euskal Herri osoko etorkizun instituzionalaren aitzinako ohartarazpena izan ziren.

Baina 1978ko uztailean ez zen bakarrik eraso, bortizkeria eta odolik izan. Duintasuna eta elkartasuna ere izan ziren. Nafarroa oldartu zen, huelga orokorrean, erailketa haren aurka eta errudunendako zigorra eskatzeko. Protesta Euskal Herri osora zabaldu zen eta Donostian poliziak beste hildako bat eragin zuen: Joseba Barandiaran. Estatuko hainbat hiriburutan ere, Madrilen, Bartzelonan… elkartasuna adierazi eta manifestazioak egin ziren.

Begi bistakoa bazen ere, erantzuletako inor ez zen zigortua, prozesatua edo kondenatua izan. Botereak, bereak irmoki defendatuz, uko egin zion edozein motatako ikerketa egiteari eta justiziak beste aldera begiratu zuen. Orduz geroztik gaur arte izan diren gobernuak eta erakundeak gertaera haiek ezkutatzen, erailketa haren egia ezabatzen saiatu dira.

Baina, oroimenaren sugarrak inoiz ezin izan dira itzali. Urtez urte sanferminetan inoiz eman ez den justizia eskatu eta galdatu dugu. Eta gaur, XXX. urtemuga hurbil dagoelarik, SANFERMINES 78 GOGOAN! ekimenak ondokoa eskatzen segitzen du:

-EGIA: gure sanferminetako, Iruñeko eta Nafarroako historiarako besta haietan jasandako erasoari buruzko egia.

- JUSTIZIA: Prozesu berri bat irekitzeko eskatzea, bertan erailketa hura eragin eta gauzatu zutenen erantzukizunak zehazteko eta errudunei zigor justua ezartzeko.

- ORDAINA: Erantzuleek orduan eragindako eta inoiz aitortu ez diren kalte moral, pertsonal eta materialak ordain ditzaten.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 14an.

Zure izena (beharrezkoa)

Email (beharrezkoa)

Gaia

Zure mezua

Artxiboak
Flickr San Fermines78
Sanfermines78gogoan_201307032007ko uztailak 8Hilarria 1988