Hilarriaren aldeko elkarretaratzea 2008/02/08

SF782008/02/08-06

Honako hau ekitaldian irakurritako textua:

Jubilatuok pozten gaitu gaur Germanen hilarriko elkartze honetan protagonista izateak.

Hilarri honek pairatu dituen gorabeherek gure historiaren eta gure borrokaren zati bat ere islatzen dute.

Hilarriarekin eta nolabaiteko nostalgiarekin frankismoaren ondoko garaiak etortzen zaizkigu gogora.

Diktaduraren isiltasuna haustea, pilatutako beldurra gainditzea lortu genueneko garaiak izan ziren, fabriketako elkartasunezko borrokei esker. Eta haiekin batera euskal herriaren kontzientzia berreskuratzen hasi ginen, euskararekiko konpromisoa hartu genuen, Euskal Herriko gainerako herrialdeekin harremanetan sartu ginen, berriro ere Estatuko espetxeak betetzen ari ziren presoen aldeko amnistia oihukatu genuen.

Borroka garaiak izateaz gainera, itxaropen garaiak izan ziren.

Eta Madrilen alerta gorria jo zuten. Geldiarazi behar ziren langileen garaipenak; ezin zuten utzi Nafarroak beste herrialdeekin batera nazio izaeraren bideetara jo zezan.

Eta izua planifikatu zuten, sanfermin haietako sarraskia prestatu zuten eta German Iruñean lehendabizi, Barandiaran Gipuzkoan gero, erail zituzten.

Guztiontzat Germanen hilarria izan da borroka, elkartasun eta itxaropenez betetako urte haien ikurra.

Gero sistemak Navarra bata eta espainola mantentzeko burdinazko eskua erabili zuen urte luzeak etorri ziren eta denetaz baliatu ziren:batzuen traizioez eta egokitzeaz, besteen nekeaz eta batasun faltaz. Baina, batez ere, ezarritako botereek eragindako errepresioaz eta kontrolaz.

Zaindutako demokraziaren urteak izan dira eta bertan langileek erdietsitako lorpenak galduz joan dira, Euskal Herriko gainerakoekin mugak, iraganezinak nahiko lituzketenak, ezarri dira.

Eta, noski, ikurrek gogaitzen dituzte. Horregatik utzi zuten hilarria bazter batean eta gero erauzi zuten, bestelako Nafarroaren aztarnarik, benetako eta sozialagoa den Nafarroaren aztarnarik ez uzteko.

Zuen irmotasunez berriro jartzea lortu duzue.

Hemen bildu garenok badakigu birjartze hori konpromisoa dela.
Laster sanfermin odoltsu haien 30. urtemuga izanen dugu. Eta askatasunik ez duen egoeran. Errepresaliatu guztiek utz diezaguten une hauetan oroitzapen berezi bat izan dezagun, Germanen burkide, jubilatu talde honen sustatzaile eta orain Batasunakoa izateagatik espetxeraturik dagoen lagunarentzat, Patxi Urrutiarentzat.

Ez dugu nahi 30. urtemuga hau bakarrik Germanendako oroitzapena izatea, borroka eta itxaropeneko urte haietako oroitzapena izatea.

Konpromisoa izatea nahi dugu, aurrera egiteko konpromisoa, horrenbeste errepresio eta zaintzaren gainetik, herri subirano eta sozialistaren aldeko gure lanean eta borrokan.

Jubilatuok urteak ditugu eta urteekin batera, eskarmentua. Baina, batez ere, gogoa eta ilusioa ditugu zuei, Germanekin eta beste borrokalariekin konpartitu genituen ametsak errealitate bihurtzeko lan egin nahi duzuenoi laguntzeko.

Argazki gehiago

Tagged with: , , ,
One comment on “Hilarriaren aldeko elkarretaratzea 2008/02/08
  1. Fermin Lasa(e)k dio:

    Aunque este fisicamente lejos de casa os quiero enviar mi solidaridad por mantener encendida la llama de la libertad y por recordar a aquellos que por su entrega a una causa justa dejaron la vida en el camino. ]
    Por una Euskalherria unida, sigamos luchando hasta la victoria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*