Lore bat hilaren 8an, hilero

Joan den uztailaren 8an, arratsaldean, egun horretan hilarriaren aurrean jarritako lore sortak kendu zituzten Iruñeko garbiketa zerbitzuek, Iruñeko udaltzaingoaren “babespean”. Loreak 1978ko Sanferminetan jasandako polizia erasoa salatzeko eta German Rodriguezen omenez eguerdiko ordu batean urtero egiten den ekitaldian eskaintzen dira.

Sanfermines 78 gogoan! herri ekimenak bere haserrea adierazi zuen orduan jokabide horrekin, Estatu aparatuen errepresioaren biktima batetiko errespetu falta erabatekoa azaltzen baitzuen. Oraindik esperoan gaude Udalak jokaera honi buruzko azalpen publikoa noiz emanen duen eta gertaera latz haien oroitzapenaren aurka jo eta 33 urtez egia, justizia eta ordaina galdatzen segitzen duten pertsona oro erdeinatu eta iraintzen duen ekintzaz erantzukizunak noiz eskatuko diren.

Bitartean, Sanfermines 78 gogoan! ekimenak dei egiten du hilaren 8an, hilero, arratsaldeko 8etan, Orreaga etorbidera joateko eta nahi duen orok Germanen hilarriaren ondoan lore bat utz dezan, herritarren protesta gisa, zitalkeria hori dela-eta. Lehendabiziko hitzordua heldu den astelehenean, abuztuaren 8an, izanen da.

Ekitaldi xume horren bitartez, erakundeen isiltasuna eta gutxiespenaren aurrean ez ahazteko eta gure oroitzapena eta duintasuna mantentzeko dugun asmoa berretsi nahi dugu.

Egia, Justizia eta Ordaina.

Sanfermines 78 gogoan

Baita ere:
Lore sorta batzuen ahalmen hilgarria. Sanfermines 78 gogoan
German Rodriguezen loreak.
Miguel Sánchez Ostiz
Lore bat hilero (2011/08/08)

Tagged with: , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*