2011ko uztailak 8rako deialdiak

Cartel 2011

1978ko uztailaren 8an Iruñeko herriak hamarkadetan hark bizi izandako erasorik handiena eta injustuena pairatu zuen. Irrati-amateur batek honako hau grabatu zuen poliziaren irratitik: “Tiro bota ezazue energia guztiekin. Ahalik eta indartsuen. Hiltzea inporta ez dakizuen!”.

Aginduak zorrotz bete zituzten. Gazte bat, Germán Rodríguez Saiz, LKIko militantea, bidegabekeriaz erail zuten, beste hamaika pertsona balaz zauritu eta ehundaka gehiago zauriztatu eta makatuak izan ziren. Poliziaren txostenak berak baieztatu zuen 150 benetako su-bala baino gehiago, 5.000 gomazko pilota, 1.000 ke-pote, beste 1.000 negar gasezko pote bota zituztela. Herritarren ordena eta segurtasunaren basakeriak gure hiria suntsitu zuen. Hiru egun beranduago, Donostian, beste gazte bat, Joseba Barandiaran, eraila izanen zen Euskal Herrian Iruñearekiko elkartasunez eta poliziaren jardunaren aurka protesta egiteko deituriko greba orokorrean.

Orduz geroztik, urtero, uztailaren 8an, Iruñeko peñek, Germanen lagunek eta burkideek eta amnistiaren aldeko mugimenduak, bestetan, karrikara atera dugu gertaera haien oroitzapena, EGIA, JUSTIZIA eta ORDAINA hitzekin idatzita izan daitezen lortzeko.

Duela aste batzuk irlandar lagun batzuek egin ziguten bisita beren esperientzia kontatzeko. Han, 1972an, Derryn -Irlanda-, armada britainiarrak tiro egin zuen eskubide zibilen aldeko manifestazio baten aurka eta 14 lagun erail zituzten. Zenbait hamarkadatan, bertsio ofizialak esan zuen soldatuak beren defentsan aritu zirela manifestariek haiei eraso egin ondoren. Baina joan den urtean, ahaideek, lagunek eta giza eskubideen defendatzaileek 38 urtez salaketa egin ondoren, Gobernu britainiarrak aitortu behar izan zuen heriotza haien erantzukizun bakarra armada britainiarrarena izan zela eta horrek odol hotzean tiro egin zuela manifestazioaren kontra.

Hemen, alabaina, inolako instituziok ez du antzeko aitortzarik egin. Uste dute nekearen nekeaz garaitu behar gaituztela, baina oso oker dabiltza. Heldu den uztailaren 8an, gure hirian, berriro erakutsiko dugu 1978ko Sanferminetan jasandako erasoaren oroitzapenak bizirik dirauela gure herrian, eta Udalari berriro hertsatuki eskatuko diogu bere laguntza eman dezala Egiaren Batzorde bat eratzen, Derryn bezala, gure historiaren orrialde haiek berriro idatz ditzan. Jakin dezaten, Irlandan bezala, ekin eta ekin jarraituko dugula.

Sanfermines 78 gogoan
Iruñeko peñak
Amnistiaren aldeko mugimendua

Berria: Egiaren batzorde bat eskatzeko Iruñean manifestatzera deitu dute uztailaren 8an, 1978ko sanferminak gogoan

Gara: Reclaman una comisión de la verdad sobre la muerte de Germán Rodríguez

Diario de Noticias: Varios colectivos piden una Comisión de la Verdad sobre los Sanfermines del 78

Ateak ireki: Presentan el programa de actos del 8 de julio en recuerdo de Germán Rodríguez y de la masacre de sanfermines del 78

Tagged with: ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*