Sanferminak bertan behera

Iruñeko Udalak Sanferminak ofizialki bertan behera utzi berri ditu. Gogoratu digute 120 urtetan bosgarren aldia dela. Oraingoan, gurdia idien aitzinetik joan da eta Udala izan da erabakia hartu duena Peñekin eta Sanferminetako Mahaia osatzen duten taldeekin kontatu gabe. Egia izanik kolektiboetako inor ez dela bestak mantentzearen alde agertu, begi bistakoa da beren iritzi eta proposamenak aditu eta aintzat hartuak beharko liratekeela. Behinik behin, ostalaritzarenak, MECArenak, Pamplonesarenak edo Artzapezpikutzarenak bezain batean, horiek bai baloratuak izan baitira, jarduneko alkate andreak erran duenaren arabera. Herritarren parte-hartzeak hagitz beheiti egin du azken 42 urteotan. Hoteletako eta katedraleko lobbiek, aldiz, postu franko igo dituzte.

Sanferminak ez dira izanen koronabirusak hunkitzen dituen bakarrak. Inork haren norabide eta sakontasuna ezagutzen ez baditu ere, pandemia honen ondorioak eremu laboral, sozial eta politikora hedatuko dira. Gure ohiko bizimoduak ere, berehalakoan behinik behin, aldaketa garrantzizkoak izanen ditu. Hori guztia aurreikusita, gobernuak akordio zabal eta sakonak hartzeko beharraz hitz egin du, 1977ko Moncloako Itunak adibide gisa paratuz. Gaurko esparrua, PPren proposamenari jarraikiz, Kongresuko batzorde parlamentario bat izanen da.

1978ko etenduraz, estatuko zenbait komunikabidek erran dute gertaera deitoragarri batzuengatik izan zela, bertan gazte bat, German Rodriguez, hil baitzen. Horrela, inork ez du jakinen hilketa entzierroko adarkada batengatik edo gisa horretako zerbaitengatik izan ote zen. Ezkutatu edo lausotu egiten da etenduraren zioa izaera kriminaleko eraso poliziala izan zela, Iruñeko biztanleek eta asteburu hartan sanferminez gozatzera etorritako milaka pertsonak jasan zutena.

Urte hartakoa ez zen oraingoaren berdina izan. Bestak etenak izan baino lehertu egin zituen poliziak borra-kolpe, pilotakada eta tiroka. Bestak jarraitzea ezina zen zeren eta, nork segitzen al zuen kantatzen eta dantzatzen jakitearekin hildako bat, balaz zauritutako hamaika lagun eta hirurehun baino gehiago ospitaleetan artatuak izan zirela? Zezen plazan gazeatutako 20.000 lagunetatik, nor egonen zen umorez berriro hiltegi hartara merendatzera joateko? Poliziaren irratian “tiro egin indar guztiaz! Ez izan hiltzeko inolako ardurarik!” agindua entzun zutenetako nor aterako zen kalera bere seme-alabekin erraldoiak eta kilikiak ikusteko?

Horrela ulertu zuten lehendabiziko momentutik sanferminetako peñek. Uztailaren 9ko 02:00etan agiri bat plazaratu zuten eta beren jarduera guztiak bertan behera utzi zituzten. Hurrengo egunetan ez zen ez entzierrorik ez zezenketarik izan. Ezta jai ekitaldirik ere. Beranduago, uztailaren 11n, Iruñearekin elkartasunaz gauzaturiko manifestazio batean, Donostian beste erailketa poliziala (Joseba Barandiaran) gertatu zela jakin ondoren, Udalak bestak ofizialki eten izan zituen. Baina, berriro diogu, orduko ez zen sanferminik. Poliziak 8an dinamitatu egin zituen.

1978ko sanferminetan jasandako bortizkeriak aurrekari bat izan zuen urte hartako maiatzaren lehenean bizi izandako errepresio polizialarekin. Iruñean bat egin zuten deialdiarekin zentral guztiek, salbuespenik gabe: CCOO, SU, UGT, LAB, CSUT, USO, ELA, CNT… Orobat, bat egin zuten deialdiaren goiburuan: 1977ko urrian, urte erdi lehenago, sinatutako Moncloaren Itunen errefusatzea. “Krisia kapitalistek ordain dezatela” oihukatzen zen segizio sindikaletan.

Iruñeko manifestazioa Estatu guztian erreprimitu zuten bakarra izan zen. Dozenaka lagun izan ziren osasun zentroetan artatuak. Moncloako itunak sinatu ondoren, Martin Villa orduko barne ministroak honakoa bota zuen: “ez dira demokrazia eta aginte falta nahasi behar; askatasunaz iritzi zabala izan behar da ideien eremuan, karriketan, ordea, murriztaile eta zorrotza”. Maiatzaren lehen hartan Avila komandanteak, Legiotik etorri berria bera, zuzentzen zuen polizia. Bi hilabete beranduago, uztailaren 8ko basakeria zuzenduko zuen bera. Bi indarkeriak, maiatzaren lehenekoa eta sanferminetakoa, Nafarroa hartan galdatzen zen haustura demokratikoari emandako erantzuna zen, Nafarroa erregimenarekin leial izatetik eremu matxino izatera pasatua baitzen.

Atzo bezala gaur, krisi sakonean dagoen esparru politiko, instituzional eta sozialean bizi gara. Orduan botereak ezarritako aterabidea izan ziren Amnistiari buruzko Legea, Moncloako Itunak, Konstituzioa eta OTAN.. Gaur, 11-Mko, pentsiodunen, feministen mobilizazioek, prozesu katalanak, elkartasunak Altsasuko gazteekin, euskal presoak hurbiltzeko galdatzeak… islatzen dute gaurko erregimenaren krisia. Koronabirusaren pandemiak agirian utzi ditu aldamio neoliberalen sakoneko arrakalak. Eta atzo bezala gaur, behar den norabide aldaketak norabide demokratiko eta sozialerantz edo inboluziorantz jo dezake. Sanferminen eremuan jokoan duguna da goitik ezarritako eredua, ez herritarra, ez parte-hartzailea, sendotzea, bertan onuraren eta turismorako besta-ikuskizunen inguruan soilik analizatzen dutenen interesak nagusi izanen direlarik.

Udalak bertan behera utzi ditu sanferminak. Horrek ez digu galarazi behar 1978ko uztailaren 8ko eraso polizialarengatik egia, justizia eta ordaina galdatzea aurtengo uztailaren 8an ere. Beharrezkoak diren osasun neurri guztiak hartuta noski, gure irudimena azkartuko dugu Martin Villa eta erailketa haien (German eta Joseba) eta gau frankista luzearen erantzule guztiak epaituak eta kondenatuak izan daitezen. Segur aski beste formatu batzuetan izanen da baina, beti bezala, herritarren parte-hartzerik handiena bilatuko dugu.

Iruñean, apirilaren 24an.
Miren Egaña, Odei Garcia de Azilu, Aitor Garjon, Amaia Kowach, Fermín Rodríguez, Presen Zubillaga
(Sanfermines-78: gogoan! taldekideak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*