Zoido eta Marlascaren aurkako kererila dokumentazioa ezkutatzeagatik

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak eta Fermín Rodríguez Saizek, 1978ko sanferminetan, Iruñean, polizia espainiarrak tiroz hildako German Rodriguez Saizen anaiak, kereila bat jarri dute gaur, dokumentuak deuseztatu edo ezkutatzeagatik ustezko delitu batengatik, Zigor Kodearen 413. artikuluan jasota dagoena.

Kereila ondoko hauen kontra dago zuzenduta: Juan Ignacio Zoido Álvarez, PPren aurreko gobernuko Barne ministroa, Fernando Grande Marlasca, PSOEren gaurko gobernuko Barne ministroa, Isabel Goicoechea Aranguren, Barneko idazkariordea, José Rafael Rojas Juárez, Barne Ministerioko Elkarte, Artxibo eta Dokumentaziorako zuzendariorde nagusia eta, orobat, kereilan deskribatutako egitateetan parte hartu duten pertsona guztiak.

Arestian aipatutako Zigor Kodearen 413. artikuluak ondokoa ezartzen du: “Agintari edo funtzionario publikoak, jakinaren gainean egonik, beren karguaren zioz zaintzapean dituen agiriak, oso-osoan edo zati batean ostu, suntsitu, deuseztatu edo ezkutatzen baditu, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta zazpi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa”.

Kereila 1978ko sanferminetako gertaerei buruzko txosten polizialari dagokio. Diputatuen Kongresuak (1978ko uztailaren 11ko bilkura) galdatu zuen txostena egiteko eta Rodolfo Martin Villa orduko Barne ministroak eskaturik gauzatu zen. Txosten horretan beste hiru txosten daude: Dionisio Bartrech Poliziaren inspektoreorde-generalak egindakoa (1978ko uztailaren 11), Ignacio Llano Nafarroako gobernari zibilak egindakoa (uztailaren 12a) eta Jose Sainz Poliziaren zuzendari orde nagusiak egindakoa (uztailaren 14a). Txosten horren gainean eztabaidatu zen Diputatuen Kongresuko Barne Batzordean 1978ko uztailaren 19an (1978ko Bilkura Egunkaria, 11 zkia, 9. Bilkura).

Txosten hirukoitz hori froga gisa errekeritu zuen akusazio partikularrak German Rodriguezen heriotzari buruz irekitako 82/80 sumarioaren barruan. Probintzia-auzitegiak froga hori onarturik, hainbat aldiz galdatu zuen, bai zuzenean bai Auzitegi Gorenaren bitartez, baina inoiz ez zen epaitegira bidali. Froga hori ekarria izan balitz, irekitako prozesuan eragin nabarmena izanen zukeen, dudarik gabe.

Berriki, 2017ko abenduaren 20an, Kongresuko zenbait diputatuk Barne Ministerioari (orduan J. Ignacio Zoido buru zuela) galdatu zuten aipatu txostena emateko. 2018ko maiatzaren 14ko erantzunak erraten zuen “erregistroetan ez zegoela jasota galdatutako txostena”. Eskaera berriro egin zuten diputatu batzuek 2018ko ekainaren 27an (Orduko Ministerio burua Fernando Grande Marlasca zen) eta 2018ko uztailaren 27an erantzun berbera hartu zuten: “erregistroetan ez dado jasota galdatutako txostena”.

Sanfermines-78: gogoan! elkartearen iritziz, egitate hauek erakusten dute Estatuaren Administrazioak eta haien arduradunek borondate oztopatzailea dutela 1978ko sanferminetako gertaeren ikerketari dagokionez, eta zehazkiago, Zigor Kodearen 413. artikuluak dokumentuak deuseztatu edo ezkutatzeagatik aipatzen duen delitua egin ahal izan dutela.

Sanfermines-78:gogoan!
2019-10-31

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*