Germani omenaldia 2019

Berriro ere, 1979az geroztik egin dugun bezala, Germanen hilarriaren inguruan gaude. Joan den urtean, gogoratuko duzuenez, ekitaldi zentrala Udal plazan egin genuen, 1978ko sanferminetako 40. urtemugan zehar gauzatutako jardueren bukaera gisa.

Hitzordu garrantzitsua izan zen baina, Germanek maite zituen mendietan bezala, Aralarren zein Pirinioetan, badira zapaldu eta zeharkatu beharreko gailur gehiago. Urte honek fidelki islatzen du zeharkaldi luze hau aukera berriekin, baina Egia, Justizia eta Ordaina helburu iraunkortzat dituena.

Aurtengo lorpentzat ondokoak azpimarratu nahi ditugu:

Egiaren bidean, 78ko sanferminetan gertatutakoari buruzko zenbait dokumentu, Barne Ministerioak eta agintari militar eta polizialek sortutakoak, eskuratu ditugu.

Justiziaren arloan, justizia epaitegiek faltsuki itxitako bidea berriro irekitzen saiatu gara, kereila baten bidez. 2019ko urtarrilean Iruñeko epaitegietan aurkeztu zen eta, berriki, Sanfermines 78: gogoan! taldeko partaide batzuen, hunkitutako pertsonen eta Peñen Federazioaren agerpen eta deklarazioen bitartez, Buenos Ariesen aurkeztu dugu, Maria Servini epailearen aurrean, ekainaren 6 eta 7an.

Halaber, Euskal Herriko eta Estatuko beste memoria-entitateekin batera, Europako Parlamentura joan gara, Estatu Espainiarreko Memoria Historikoari buruzko lan taldearen bitartez, trantsizioan eta ondoko urteetan Iruñean, Gasteizen, Madrilen, Malagan…. bizitutako jarduketa errepresiboak inpunitatearen linbotik ateratzeko.

Gaur egun, eta hurrengo udazkenari begira, “Martin Villa epaitu” kanpainak frankisten eta tardo-frankisten inpunitatearen aurkako borrokan aitzina egiteko balioko digu, haiek demokratatzat automatikoki birziklatuta, diktaduraren errepresio metodo eta tresnekin jarraitu baitzuten.

Orobat, adierazi nahi dugu azken lau urteotan Sanfermines 78: gogoan! ekimenak erdietsitako lorpen eta ekimenetako askok erakunde batzuen sostengua (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua, kasu) izan dutela. Zin-zinez eskerrak ematen dizkiegu.

Auzitegi Gorenak Manada kasuari buruz berriki eman duen epaiak agerian utzi duenez, Estatu osoko gizarte mobilizazioek eta erakundeen sostenguak Justizia espainiarra behartu dute berriro aztertzera eta atzera egitera, sexu-eraso larri horri buruzko lehenengo epai judiziala zuzenduz.

Eta horregatik, hain zuzen, gaur, hemen, Germanen hilarriaren aurrean, azpimarratu nahi dugu zer garrantzitsuak diren gizarte mobilizazioak, peñen sostengua eta, urtez urte, hilez hil, mobilizazioz mobilizazio, jardueraz jarduera, izan duzuen parte hartzea Egia, Justizia eta Ordaina lortzeko ibilaldi luze baina amaigabe honetan.

Jardunean segitzera animatu nahi zaituztegu, elkarrekin bide hau egin dezagun Germanen memorian eta berak adierazten zuena aldarrikatzeko, gizarte libreago, justuago eta parekideago baten aldeko borrokalaria izan baitzen. Hemen gaude eta horrela segituko dugu. Germanen mendi taldearen izenak zioen bezala “Hemen eta Han”: Hemen oroitzapenarekin, Han gure helburuak lortzeko ikuspegi eta xedearekin, gero eta hurbilago baititugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*